Haurdunaldian edo haurdunaldiaren ondoren seme-alaba hiltzen bada, “familiek oso egoera mingarriari aurre egin behar diote” eta gizartean “oraindik tabua” den dolu horretan laguntzeko, ume horiek gogoratu ahal izateko espazio fisikoen beharra nabarmendu du Esku Hutsik elkarteak.
Heriotza perinatalaren eguna da urriaren 15a. Umekia, ume jaioberria edo egun gutxi dituen umea hiltzeari deitzen zaio heriotza perinatala, eta asteazken honetan, urdin eta arrosa kolorez argiztatuko dituzte gure herri eta hirietako eraikin esanguratsu ugari, heriotza perinatala gogoan. Baina ekintza sinbolikoetatik harago, hildako ume hauek gogoratu ahal izateko guneak aldarrikatu ditu Esku Hutsik elkarteak: heriotza perinatala gertatzen delarik, “oraindik ez dago protokolo homogeneorik, eta familiek ez dute beti haurraren gorpua jasotzen hil ondoren; beharrezkoa da, beraz, leku fisiko bat izatea hildako haurra gogoratzeko”, baita gure gizartean oraindik oso isilduta dagoen dolua ikusarazten eta normalizatzen laguntzeko ere, gehitu du elkarteak.
Tabua izan edo ez, datuek diote lau haurdunalditik bat ez dela amaierara iristen. Hilik jaiotzen diren ume horiek gogoratzeko, Hego Euskal Herrian lau espazio daudela aipatu du elkarteak: Hernaniko “Izan zirelako” hilerria, Legazpiko “Zu” hilerria, Gasteizko “Haurdunaldiko, erditze inguruko eta jaio ondorengo doluaren espazioa” El Salvador hilerrian, eta Derioko “Izarren lorategia” hilerria. Halako gehiagoren beharra aldarrikatu dute.
"Oraindik ez dago protokolo homogeneorik, eta familiek ez dute beti haurraren gorpua jasotzen hil ondoren; beharrezkoa da leku fisiko bat hildako haurra gogoratzeko"
“Umea etxera eraman ezin izan duten gurasoek espazio bat izan dezaten haur hori kokatu eta dolu prozesua bizi ahal izateko”. Hala azaldu zuen Hernaniko “Izan zirelako” espazioaren sorrera Esti Zeberiok ARGIAn. “Gorpuak ez dira hor egongo, baina sinbolikoki nora jo izango dute gurasoek”. Dolu perinatala ikusarazteko modua ere badela kontatu zuen: “Heriotza perinatala ezin dugu bizi nahiko genukeen normaltasunarekin, gizarteak animatzen gaitu aurrera segitzera eta sufritu dugun hori ez sentitzera, baina ume horrekin denbora gutxiago egon garelako ez du esan nahi min gutxiago eman digunik. Ume bat galdu dugu eta ‘baimena’ dugu dolu prozesua egiteko”. Hirugarren funtzio bat ere eman zion halako espazioei: ume horien existentzia aitortzea.
"Heriotza perinatala ezin dugu bizi nahiko genukeen normaltasunarekin, gizarteak animatzen gaitu aurrera segitzera eta sufritu dugun hori ez sentitzera"
Hain justu, 2023tik sei hilabeteko gestazioaren ostean hil diren umeak erregistro zibilean inskribatu daitezke Hego Euskal Herrian, Espainiako legean egin zuten aldaketa medio. Ordura arte, “ezin genituen gure umeak erregistratu eta orain hori egin ahal izatea inportantea da, ume baten galera bizitzea beti zaila bada, ezin erregistratzeak, ume hori ez aitortzeak, mina eta amorrua areagotu egiten duelako. Gure umeek leku bat hartu dute, eta dolu prozesuan asko laguntzen du horrek; aspaldiko aldarrikapen bat zen”, adierazi zion ARGIAri Eider Otxoak.
Gaiaz gehiago:
Erru sentimendua heriotza perinatalean