Goizeko 11:00etan mobilizazioak egin dituzte EAEko hiru hiriburuetan, eta sindikatuen lehen zenbaketen arabera jarraipena %65ekoa izan da. Gutxieneko zerbitzuak igoaz greba desaktibatzen ahalegindu izana leporatu diote sindikatuek Eusko Jaurlaritzari.
“Gure ikastetxeetan aurrez aurreko itzulera segurua eta adostua” leloak hartu ditu asteartean EAEko kaleak. ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek deitutako hezkuntza grebak ikasgeletara itzulera “segurua eta adostua” exijitzea du xede. Izan ere, greba deialdia egitean salatu zutenez, Eusko Jaurlaritzak ikastetxeetara buelta langileak kontuan hartu gabe eta neurri aski hartu gabe egin du.
Grebak hezkuntza sare publikoa zein itunpekoa barne biltzen ditu, eta deialdiarekin bat egin dute hezkuntza arloko azpikontratek ere. Hala, etenak garraio, jantoki eta garbiketa zerbitzuei ere eragingo die.
Goizeko 11:00etan mobilizazioak egin dituzte EAEko hiru hiriburuetan. Gasteizen Jesus Guridi Kontserbatorio Parketik abiatu da, Bilbon Arriagatik eta Donostian Alderdi Ederretik. Ordu berean egin ditu mobilizazioak Ikasle Abertzaleakek ere, baina abiapuntu ezberdinetatik. “Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu” lelopean, ikasle antolakundearen manifestazioak ondoko tokietatik abiatu dira: Donostian, Ibaetako aulariotik; Bilbon Sarrikotik; eta Gasteizen Elurretatik. Sindikatuen lehen zenbaketen arabera, grebak %65eko jarraipena izan du. Eusko Jaurlaritzak parte hartze baxuagoagoa zenbatu du, %45eko, hain zuzen ere.
Astelehenean eman zuen argitara Eusko Jaurlaritzak greba egunerako gutxieneko zerbitzuen agindua, zeinaren bidez aurreko grebetan baino gutxiengo zerbitzu gehiago ezartzen ziren. Besteren artean, jantoki zerbitzua bermatu beharra eta garbiketa alorrean %100eko gutxiengo zerbitzuak xedatu zituen.
Sindikatuek ohar bateratu batez bidez salatu dute agindua, eta gutxieneko zerbitzuak igoaz greba desaktibatzeko nahia izan duela leporatu diote Jaurlaritzari. Jaurlaritzak neurriokin “babesa eta segurtasuna bermatzeko” asmoa duela esan arren, hori “aitzakia” dela azpimarratu dute, eta arrazoia beste bat dela seinalatu: greba indargabetzea. “Hezkuntza Sailaren kudeaketa tamalgarria eta izandako utzikeria ezkutatuz, mobilizazioa ikusezin egiteko eta greba desaktibatzeko saiakera bat da”, egin dute irakurketa. Ezarritako zerbitzuak greba eskubidearen aurka egiten dutela iritzirik, hezkuntzako sindikatuek azaldu dute epaitegietara jotzeko aukera aztertzen ari direla.
Greba egunaren bezperan, EHUren ikasturte hasierako ekitaldian, greba egitea birpentsatzeko eskatu zuen Iñigo Urkulluk. Bere hitzetan, grebak “tentsioa eta segurtasunik eza soilik ekartzen ditu, eta orain lasaitasuna eta segurtasuna bermatzea tokatzen zaigu”.
Igande gauez ETB2n egin zioten elkarrizketa batean egindako adierazpenen arabera, bere ustez sindikatuen asmoa kritika politikoa egitea eta orain gutxi osatutako Jaurlaritza tenkatzea da.