argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herrirako instituzioa
Herri Elkargoaren egitasmoak aitzina
  • Herri Elkargoaren aurkakoak bi aldiz saiatu dira egitasmoa oztopatzen maiatzaz geroztik. Alta, helegite administratibo biek huts egin dute. Bigarrena Lukuzeko auzapeza Barthélemy Aguerreren izenean jarri dute. Ez dute amore emateko asmorik, hirugarrena jarriko dutela iragarri baitute.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2016ko urriaren 04a
Euskal Konfederazioak eta Baterak iaz Baionan deitu zuen 7. Deiadar manifestazioaren lekukotasuna.

Paueko Administrazio Auzitegiak gibelera bota du Elkargo bakarraren aurkako epai eskakizuna. Elkargoaren aurka daudenek “neurrigabe eta teknokratikotzat” jo dute Elkargoaren egitura. Barthélemy Aguerre hautetsiarentzat “munstro administratiboa” da eraikiko den instituzioa.

Auzitegiak aldiz, ez du kontraesanik ikusten prozeduran. Egitasmoa “legearen barnean” egin dela erran du. Beste helegite bat balego ere, berau aztertzeko “astia badagoela" adierazi du, “ez dagoela presarik”.

Baterako kide Nikolas Blainen erranetan berriz, “Administrazio Auzitegiak erabaki hori hartzea espero genuen, ez da ustekaberik izan”. Alta bada, “aldekoek arrangura bat gutxiago dugu” gehitu du Blainek. Izan ere, bere hitzetan, ebazpenak Herri Elkargoa gauzatzeko konfiantza giroa sustatzen laguntzen du.

Ontsalaz, Herri Elkargoak urtarrilaren 1ean abian izan behar luke.