Esquadra Mossoek jaurtitako gomazko pilota batek ezkerreko begian ikusmenik gabe utz dezake 42 urteko emakume bat Bartzelonan. Asteazkeneko greba orokorraren karietara antolatutako manifestazio batean kargatu zuen Kataluniako polizia autonomikoak eta emakumeak, zaurituta, Sant Pau ospitalera joan behar izan zuen. Ospitalean begia salbatzea lortu zuten baina ikusmena galduko du ziurrenik.
Felip Puig Kataluniako Generalitateko barne sailburuak ukatu egin du Esquadra Mossoek emakumea zauritu zen inguruan tirorik jaurti zutenik.
20:30ak inguruan Passeig de Gràcia eta Katalunia plazaren artean jaso zuen tiroa emakumeak. Stop Bales de Goma mugimendua erasoaren irudiak eta lekukoak bilatzen ari da info@stopbalesdegoma.org e-posta helbidean.
Poliziak erabiltzen dituen gomazko pilotak arma arriskutsua direla behin baino gehiagotan frogatu da. Euskal Herrian, Iñigo Cabacasen heriotzaren ondoren mota horretako materialei buruzko eztabaidak zeresana eman zuen, EAEko Herrizaingo Sailak piloten erabilera mugatuko zuela iragartzeraino. Dena den, bai Ertzaintzak, bai Esquadra Mossoak bezalako indar polizialek gomazko pilotak erabiltzen jarraitzen dute.