1985eko irailaren 25ean Inaxio Asteasuinzarra hernaniarra, Sabin Etxaide zestoarra, Agustin Irazustabarrena astigarragarra eta Jose Mari Etxaniz urretxuarra hil zituen GALek Baionan. 40 urte geroago omenaldia egin diete Monbar Hotelaren aurrean, hil zituzten lekuan.
Ostegun eguerdian lehen omenaldia egin diete hildakoei Baionan eta Kazeta.eus-eko kronikan irakurri ahal izan dugunez, bertan izan dira hildakoen senitartekoak eta lagunak; eta agintarien aldetik, besteak beste, Ainhoa Zugasti, Eusko Jaurlaritzako biktimen eta giza eskubideen zuzendaria; Alberto Alonso, Gogora Institutuko zuzendaria; eta hildakoen herrietako udal hautetsiak.
Ostegun eguerdiko ekitalditik adierazgarriena izan da Eusko Jaurlaritzako eta Gogorako ordezkariak izan direla omenaldian. Datorren astelehenean, halaber, irailaren 29an Monbarreko atentatua eta GALi buruzko erakusketa irekiko du Gogorak Donostiako Ernest Lluch kultur zentroan. Gogorak adierazi duenez, “erakusketak bilduko ditu atentatuaren gorabeherak eta haren esanahia, GAL eta bere ibilbidea zer izan ziren ahaztu gabe. Gure iragan traumatikoaren gertaera esanguratsua ekarri nahi du gure oroimen kolektibora; salatu nahi du GALen estatu terrorismoa eta hark ekarritako legalitate demokratikoaren apurketa”. Biktimen senideek eta haiek pairatu duten minarekiko aitortza ere egin nahi du Gogorak.
40 urte aitortza instituzionalik gabe
Monbarreko biktimen senideek eskertu egin dute Eusko Jaurlaritzak egindako aitortza, baina 40 urtez horrelakorik egin izana ere deitoratu dute. Berria-n egindako erreportajean, adibidez, hala mintzo da Xabier Etxaniz senidea: “Herriaren partetik babesa ikaragarria izan zen, hasiera-hasieratik. Aldiz, ez Eusko Jaurlaritza, ez [Urretxuko] udala, ez diputazioa, ez inor, 40 urtean ez zaigu inor hurbildu”.
Iragan ekainean Gogorako zuzendari Alonso ere ildo horretan mintzatu zen: “Familia horiek aitortza behar dute, inork ez zuen eskubiderik haien bizitzekin jolasteko eta barkamen eskaera merezi dute”. Bere ustez, GALen senideei barkamena eskatu behar zaie azken 40 urte hauetan izan den isiltasun instituzional eta sozialagatik.
Gogoraren aitortzak bat egin du Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenarekin eta egoera bitxia sortu da. Gogorak adierazi izan du horiek ez dutela merezi omenaldirik frankismoaren biktimak bai, baina ETAkoak ere bazirela argudiatuz; hala ere, ez dute arazorik izan gaurko omenaldian izateko edo erakusketa egiteko, Monbarren hildako lauak ere ETAko kideak izan zirenean.
Espainiak ez du inoiz GAL bere tresnatzat onartu
1983an hasi ziren GALen ekintzak Ipar Euskal Herrian, Intxaurrondoko guardia zibilek Joxi Zabala eta Joxean Lasa bahitu eta hil zituztenean. Urte hartan lau herritar hil zituen guztira eta bederatzi 1984an. Ondorioz, Ipar Euskal Herriko errefuxiatuen giroa eta bizitza guztiz aldatu zen. Monbarrekoa izan zen GALen atentaturik odoltsuena, eta urte horretan bertan zazpi herritar hil zituen eta 11 zauritu.
GALek 27 pertsona hil zituen eta beste ugari zauritu, euskal iritzi publiko eta instituzionalean guztiz onartuta dago Felipe Gonzélezen gobernuak sortu eta bultzatu zuela. González berak ere aipatu zuen El País egunkarian 2010ean egindako elkarrizketan erabaki behar izan zuela ETAko zuzendaritza bilera batean zela lehertuko zuen ala ez, eta ezetz erabaki zuela; José Barrionuevo haren Barne ministroak eta Rafael Vera estatu idazkariak ere harro agertu izan dira GALen sorreraz, horrek behartu zuelako Frantzia euskal errefuxiatuen aurkako neurriak hartzera.
Emilio Lopez Adan Beltza-k Borroka Armatua Euskadin liburuan aditzera ematen duenez, GALeko atentatuek bi garai izan zituzten egiletzari dagokionez: hasiera batean profesionalak eta gero sasi-gaizkileak izan ei ziren. Hasieran “SAS britainiar ekintzaile ohiak eta Belgikako espezialistak kontratatuak izan ziren. Dirudienez, laster joan ziren ere. Amedok aurkitu gaizkile arrunten astakeriez nazkatuta edo kezkatuta ziren eta, gehiago dena, desegoki ordainduak. Amedok diru xahutzaile eta gaizki pagatzaile fama bildu zuen”.
Azken finean, auzipetu eta zigortutako mertzenario ugariez gain, 20tik gora goi mailako agintari, polizia eta guardia zibil epaitu izan dituzte GALek egindako ekintzetan parte hartzeagatik. Hala ere, Espainiako Estatuak inoiz ez du bere gain hartu jarduera hori eta inoiz ez du barkamenik eskatu GALen ekintzengatik. Frantziako Estatuak, halaber, inoiz ez dizkio erantzukizun publikoak eskatu Espainiakoari, eta inoiz ez du ikerketa sakonik egin 1980ko hamarkadan poliziek, jendarmeek eta frantses judikaturako hainbat kidek GALekin izandako harreman eta konplizitateagatik.