argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Hezkuntza Ministerioan bilera dute euskal ordezkariek, azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea lortu asmoz
  • Euskararen Erakunde Publikoak eta Parisko euskal hautetsiek bilera dute Hezkuntza Nazionaleko ministroaren kolaboratzaileekin, asteazken honetan Parisen. Bilera horretan, azterketak euskaraz pasatu ahal izateko aterabideak eraginen dituztela eta eskubide hori “azkenean lortuko” dutela uste du Azterketak Euskaraz kolektiboak.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 13a
Argazkia: Pello Jorajuria

Aurreko ikasturte bukaeran Hezkuntza Ministerioak Baionan duen ikuskaritzaren egoitza okupatu zuten Seaskako hainbat guraso, ikasle eta irakaslek, azterketak euskaraz egin ahal izateko borrokan. Horren ondotik, Euskal Elkargoak bermatu zuen euskaraz erantzundako zientzietako etsamina zuzentzea, emaitza sinbolikoa izan arren.

Orain, euskaraz ikasten duten ikasleen eskubideak errespetatzeko eskatuko du hainbat ordezkarik Parisen, hilaren 14an Hezkuntza Ministerioan duten bileran. Azterketak Euskaraz kolektiboa itxaropentsu agertu da bilerarekin, eta hala jaso du Naiz-ek: bilerak “aterabideak eraginen dituela espero dugu, ezin dugulako besterik pentsatu”.

Kolektiboaren hitzetan, “borroka azkartuz eta antolatuz, gure aldarrikapena euskal jendartearena dela frogatu dugu eta gaur egun Euskal Herriaren gehiengo batek argi du frantses Gobernuak bere hizkuntza politika diskriminatzailea aldatu behar duela”.

Ez bada aurrerapausorik ematen, borrokatzen jarraituko dutela argi utzi du Azterketak Euskaraz kolektiboak.