argia.eus
INPRIMATU
Fiskaltzak Donostiako Hondaleako obren salaketa artxibatu izana salatu du LABek
  • Salatu zituen irregulartasunen "ikerketa sakonik egin gabe" itxi du kasua Gipuzkoako Fiskaltzak, sindikatuaren ustez.

ARGIA @argia 2021eko irailaren 27a

Ekainean aurkeztu zuen salaketa Donostiako Udaleko LABeko atal sindikalak Gipuzkoako Fiskaltzan, ikerketa abiatu zezan eskatuz. Iragan astean artxibatu zuen fiskaltzak salaketa, irregulartasun zantzurik ez zegoela adierazita. Sindikatuaren esanetan, ordez, “gure salaketaren ikerketa sakonik egin gabe eta aldeei galdetu eta entzun ere egin gabe” itxi du kasua Fiskaltzak.

Obraren zuzendaritza eta proiektua

Batetik, Donostiako Udalak LKS-Fhekor enpresari zuzenean eman zion obraren zuzendaritzaren kontratua, lizitaziorik gabe. Fiskaltzak hori onartu zuen bere ebazpenean, baina irregulartasun zantzurik ez du ikusten bertan. Kontrakoa uste du Donostiako Udaleko LABek: “Eskandalua besterik ez da, eta, gainera, legezkotasuna zalantzazkoa du. LKS-Fhecor-ek prezioak bota zituen proiektu hau zuzenean, atzamarrez, esleitu ahal izateko, baina mundu guztiak daki enpresak eskainitako zenbatekoa ez zela nahikoa proiektu hori gauzatzeko”.

Bestetik, sindikatuak salatzen du Udalak arkitekto bati eman ziola “uharteko itsasargiaren eraikina birgaitzeko lanak idazteko ardura”, baina proiektua egiazki LKS-Fhecor-ek egin zuela. “Hau da, proiektuko lan nagusietako bat kontraturik gabe egin zen, azalpenik gabe. Gai erabat irregularra eta Udalak fiskaltzari azaldu ez diona”.

Fiskaltzaren iragan astean erabakitako artxibatzearen aurka ez dago errekurtsoa aurkezterik. Halere, “ikerketa horretan aurrera egiteko aukera abere aholkulari juridikoekin” aztertuko duela iragarri du sindikatuak.