Euskararen Erabilera Biziberritzeko Biltzarra iragarri dute 2027rako. Irail honetan hasiko dute bidea. Hainbat arlotako 270 lagun bildu dira ekitaldian, eta herritar guztiei luzatu die gonbita Imanol Pradales lehendakariak: "Asmoa da bi urteko epean lanketa zabala eta plurala egitea, eta nazioarteko biltzar handi, heterogeneo eta esanguratsu bat eginda amaitzea".
Agerraldiaren testuingurua ez da nolanahikoa izan: Espainiako Presidenteen Biltzarrean euskarari bizkar eman diotenean heldu da Jauzia gara dinamikaren aurkezpena, Euskaraldia amaitu eta gutxira, eta justu urtebete igaro denean, lehendakari kargurako hautatu zuten inbestidura plenoan, Pradalesek Maialen Lujanbioren bertsoa errezitatu zuenetik: "Herri hau sortzen jarrai dezagun, euskaratik eta euskaraz". Pleno hartako anekdotetako bat izan zen, bertso hori diskurtsora ekarri eta gero, voy terminando esanez jarraitu zuela gaztelaniaz.
Testuinguruan, lekua: Bilboko Azkuna Zentroan egin du agerraldia Jaurlaritzak. Leku hori ez da polemikatik salbu egon azken hilabeteotan. Abenduan, hango zuzendariak dimisioa aurkeztu zuen, "kudeaketa ereduaren gaineko desadostasuna" argudiatuta. Jone Gartzia Gerrak erreportaje honetan kontatu zuen moduan, Azkuna zentroan hiru proiektu daude egun, liburutegia, kiroldegia eta proiektu kulturala deritzona, eta hirurak esku pribatuek kudeatzen dituzte. Bilboko Udalak La Caixari beste espazio bat eman izanak eragin zuen zuzendariaren dimisioa, "azken tanta".
Eusko Jaurlaritzaren Jauzia gara dinamika ez da ezerezetik sortu, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu duenez: "600 eragilerekin baino gehiagorekin eseri gara, 350 erakunderekin baino gehiagorekin egon gara, eta 800 bilera baino gehiago egin ditugu". Horren adierazle, agerraldian bertan 270 pertsona baino gehiago bildu izana. "Zuen laguntza behar dugu aurretik dugun erronka estrategikoari erantzuna emateko; euskararen biziberritzearen prozesuan datozen hamarkadetako oinarri eta printzipioak defendatzeaz ari naiz", adierazi du Pradales lehendakariak. EAEko gobernu honek bi konbikzio dituela adierazi du: bata, "biziberritzeari bultzada berria" ematea, eta bestea, elkarrekin egitea, "kontsentsuan". Adierazpen horiek ohi baino euskalki bizkaitarragoa erabiliz egin ditu Pradales santurtziarrak.
Hirugarren biltzarra
Aintzat hartu du Pradales lehendakariak 1956an Agirreren erbesteko Jaurlaritzak Parisen deitu zuen Mundu osoko Euskaldunen I. Biltzarra deiturikoa. Juntadizo hark helburu zuen euskaldun guzti-guztiak elkartze hutsa, frankismopean bizi zirenak zein Ipar Euskal Herrikoak eta diasporakoak. 1987an, Ardanzak berak deituta, bigarrena egin zen.
Orain, Pradalesek ildo hura berreskuratu nahi du. Ez dago argi zein modu zehatzetan garatu asmo duen 2027ko biltzarra, baina argi du "jauzi kualitatibo bat" beharrezkoa dela, eta "kontsentsua oinarri" egin behar dela. "Bestelako emaitzak lortu nahi baditugu, bestelako gauzak egin behar ditugu", adierazi du Pradalesek, eta azpimarratu "ezinbestekoa" izango dela "euskalgintzarekin eta euskararen egitura klasikoekin" loturarik ez duten sektore, eragile eta pertsonak erakartzea. Hain zuzen, nabarmendu du "konplizitate eta aliantza berriak" egin beharra euskaraz dakitenenen zein ez dakitenen artean.
Euskararen ezagutzaren eta erabileraren inguruko datuak ere aipatu ditu Pradalesek, dagoeneko usu entzuna den 2021eko azken Inkesta Soziolinguistikoarena. Pradalesen irakurketa baikorra izan da: 30 urteko epean euskaraz dakitenak 528.000tik 809.000ra igo dira, "bereziki gazteetan egon da gorakada itzela", eta, erabilerari dagokionez, "gorakada" nabarmendu du azken 34 urteotan, lau puntukoa.
Urteotan guztiotan, euskararen ahalegin gehienak ezagutzaren arloan egin direla nabarmendu du Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Hizkuntzaren irakaskuntzan, hain zuzen: "Euskara ikasi nahi dutenei erraztasun ekonomikoak jarri nahi izan dizkiegu, eta aurrera egin dugu doakotasunerako bidean".
Apustu hori, Bengoetxearen esanetan, "emaitzak ematen" ari da: amaitzear den ikasturte honetan, mailarik oinarrizkoenean (A1), matrikulazioak %20 igo dira, eta C1 mailan ari diren 16-18 urte artekoen artean, azken bi urteotan %73 igo dira matrikulak. Bi kasu horietan doakoa da euskara ikastea.
Datorren ikasturtetik aitzina, A2 mailan matrikulatzen diren ikasleei murriztu egingo zaie kostua: 310 euro ordaintzetik, 70 eurora pasatuko da matrikula, gutxi gorabehera, Jaurlaritzak aurreratu duenez.
270 parte hartzaile agerraldian, hangoak eta hemengoak
Gizarte-sektore guztietako 270 ordezkari bildu ditu ekitaldian Jaurlaritzak. Adierazi duenaren arabera, finantza eta enpresa alorreko jendearengandik hasita, euskaltegi, aisialdiko erakunde eta immigrazioari loturiko elkarteetaraino.
Besteak beste, honako hauek egon dira Azkuna Zentroan egin den agerraldian: HITZ Ikerketa Zentroko Eneko Agirre, Janire Atxurra sare sozialetako eduki-sortzailea, Luis Cárdenas kolonbiar jatorriko erizain eta euskaltegiko ikaslea, Itziar Idiazabal hizkuntzalaria, Joxean Alustiza Fagor Taldeko presidentea, eta Miren Arzalluz Guggenheimeko zuzendaria. Horiez gainera, Mirua musika-taldeak Mugaz gaindi abestia jo du zuzenean, eta Jaurlaritzak bat egin du kantuak dioenarekin: euskara mugaz gaindi eramatea.