argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Vueltako Bilboko etapa geldiarazi dute Israelen aurkako protestek, eta ez dira helmugara iritsi
  • Bilboko erdigunean amaitu behar zuen txirrindularitza etapak, baina Deustun sartzear zirela antolakuntzak erabaki hori hartu du, helmuga ingurua manifestariz beteta zegoelako. Aurretik ere igaro dira helmuga puntu horretatik, eta istiluak izan dira. Ertzaintzak gutxienez hiru pertsona atxilotu dituela jakinarazi du Jaurlaritzak.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko irailaren 03a
Helmugara ez dira iritsi txirrindulariak. Lehenago ere igaro da hortik tropela, eta istiluak izan dira.

Israelgo talde bat ari da lehian Espainiako Vueltan, eta beste hainbat egunetan gertatu bezala, haren eta Espainiako Vueltako antolakuntzaren aurkako protestak deituta zeuden asteazken honetarako ere. Izan ere, irailaren 3ko etapa Bilbon hasi eta Bilbon amaitzekoa zen. Baina milaka manifestari elkartu dira helmuga inguruan, On Diego Lopez de Haro kalean, kale nagusian, palestinar bandera eta Israelen aurkako mezu ugarirekin, eta txirrindularitza probako antolakuntzak erabaki du etapa lehenago amaitzea, helmugaratu baino lehen.

Hiru kilometro inguru lehenago gelditu dute kronometroa, buruan zihoazen bi txirrindulariak Deustura sartzen ari zirela. Erabakiak sorpresaz hartu ditu txirrindulariak, baita irrati eta telebista emanaldietako berriemaileak ere. Antolakuntzak erabaki du etapa irabazlerik ez izendatzea, eta Deustuko puntu horretara arteko denborak hartzea kontutan. Txirrindulariak zuzenean San Mamesera bideratu dituzte; han zituzten haien autobusak eta talde teknikoetako kideak.

Helmuga puntutik igaro da etapa aurretiaz, hala zelako ibilbidea. Protestak izan dira, ia hesiak bota dituzte manifestariek, eta Udaltzaingoa agertu da gero. Hona bideoa:

Aurretik ere gelditu dute etapa

Etaparen hasieran izan dira istiluak, eta berandu abiatu da etapa. Berehala, 13:30 aldera, Enekuri gainera igotzen ari zela tropela, Palestinarekin Elkartasuna mugimenduko kide batzuk errepidera sartu dira, Destroy Israel (Israel suntsitu) aldarridun pankartarekin. Txirrindulariek hanka altxa behar izan dute eta geldirik egon dira, bi minutuz.

Enekuri gainean.

Beste hainbat lekutan ere gertatu dira istiluak. Esaterako, Larrabetzun. Naiz-ek jakinarazi duenez, lasto fardoak ipini dituzte bide erdian hainbat ekintzailek, eta Palestinako banderekin eta ikurrinekin atondu dute ingurua. Ertzaintza, baina, txirrindulariak baino lehen heldu da.

Israel-Premier Tech taldeari boikota

Izen horixe daraman taldearen parte hartzea eztabaidagai izan da azken asteotan. Espainiako Vuelta hasi aurretik ere eskatu zuten taldearen parte hartzea galaraztea, baina antolakuntzak esan zuen eskubidea zuela eta merituak egin zituela lehiaketan izateko.

Dena dela, hainbat kirol komunikabidek adierazi dutenez, Bilboko lasterketaren hasieran talde bakoitzeko ordezkari banak bilera egin dute antolakuntzarekin, eta Israel-Premier Tech taldea kanporatzeaz mintzatu dira. Ezezkoa nagusitu da, nahiz eta, nabarmendu denez, gero eta txirrindulari gehiago egon taldea kanporatzearen alde.

Abuztuaren 23an hasi zen txapelketa, eta lehen protesta esanguratsua abuztuaren 27an izan zen, Kataluniako Figueres herrian. Taldekako erlojupeko saioan ari zirelarik, maldan gora, manifestariek txirrindulariak gerarazi zituzten, Palestinako banderak eta Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak eskuan zituztela. Hurrengo egunean berriz, Kataluniako Olot herrian, bost bat pertsona bide erdira irten ziren palestinar banderekin, eta ziklistak geldiarazi zituzten.

Aste bat geroago, aurretik jakina zen moduan, Vuelta Euskal Herritik igaro da, irailaren 2an eta 3an. Hainbat elkartek protestarako deia egina zuten, esaterako, Palestinarekin Elkartasunak, Yala Nafarroa eta BDZ Israeli Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak mugimenduak.