argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintzak Mozal Legearekin isuna jarri dio tiroz matrailezurra apurtu zion herritarrari
  • Espainiako hauteskundeetan Vox-en ekitaldi baten aurka protestan ari ziren herritarren aurka oldartu zen Ertzaintza. Hainbat lagun zauritu zuen, eta horietako bati matrailezurra apurtu zion tiro batez. Orain Mozal legea aplikatu dio "ertzainak irainentzeagatik".

ARGIA @argia 2019ko abuztuaren 09a
Zauritutako emakumea. Argazkia: naiz.eus.

Apirilaren 13an Ertzaintza kontzentrazio baten aurka oldartu zen, gomazko pilotak ordeztu dituzten foam jaurtigaiak erabiliz, besteak beste. Voxeko presidente Santiago Abascalek Euskalduna jauregian eman behar zuen mitin baten aurka ari ziren protestan herritarrak. Jaurtigai horietako batek 19 urteko emakume baten aurpegian jo eta matrailezurra apurtu zion bi aldetatik. Ebakuntza egin behar izan zioten eta egunak eman zituen ospitalean.

Emakumea zauritu zuten ertzainak izan ziren emakumearengana hurbildu eta larrialdi zerbitzuetara deitu zutenak. Une horretan ertzainei zuzenduriko ustezko irainengatik isuna jarri dio orain Ertzaintzak, Naiz-ek jakinarazi duenez. Horrela dio isunaren jakinarazpen idatziak: “Agenteak artatu eta zerbitzu medikuak eskatzen ari zela, horrek –zaurituak– hainbat aldiz errepikatu zion: "Putaseme batzuk zarete", "kobratzen duzuenarekin merezi al du horren putasemeak izateak?". Aldi berean, ukabil itxia erakusten zuen, hatz luzea agenteei zuzentzen ziela".

Jakinarazpenak ez ditu jasotzen aurreko gertaerak, ez zergatik ari ziren ertzainak emakumea artatzen. Lau hilabete joan dira ordutik, eta orain Ertzaintzak isuna ezarri dio zauritutako herritarrari. Ertzainak iraintzea eta gutxiestea leporatzen dio, eta horregatik Mozal Legearen 33. artikulua aplikatu dio, 200 euroko isuna ezarriz. Herritarrak Naiz-i adierazi dio helegitea ezartzeko asmoa duela.

2016ko ekainean eta ARGIAk alderdi politikoei proposatu ostean, Eusko Legebiltzarrak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Mozal Legea ez aplikatzeko konpromisoa hartu zuen.

Oldarraldi “profesionala”

Ertzaintzaren jokabideak kritikak piztu zituen apirilean. Gomazko pilotak ordezkatu dituzten foam jaurtigaien inguruko eztabaida piztu zen, baita Ertzaintzaren jarreraren ingurukoa ere. Ertzaintzaren arduradunek polizia operazioa babestu zuten. Josu Zubiaga kontseilariordeak “profesionala” izan zela adierazi zuen. Ertzaintzak matrailezurra apurtu izana ezinezkotzat jo zuen, "protokoloak burura apuntatzea debekatzen duelako". Estefania Beltran de Heredia Barne Sailburuak erabilitako biolentzia "proportzionala" izan zela adierazi zuen.

Edonola ere, Ertzaintzaren jardueraren inguruko barne ikerketa bat abiatu zutela ere jakinarazi zuten. Lau hilabete igarota, ez dago ikerketa horren berririk.