Mozal Legea ez aplikatzea erabaki du Eusko Legebiltzarrak

  • Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Herritarren Partaidetzaren Batzordeak aho batez onartu du –PPk salbu– Mozal Legea Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan ez aplikatzeko konpromisoa.


2016ko ekainaren 22an - 16:59

ARGIAk alderdi politikoei proposatuta, EH Bilduren eskutik izan da eztabaidagai ekainaren 22an Legebiltzarreko Giza Eskubideen batzordean. EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren aldeko bozekin atera da aurrera. Legebiltzarrean onartutakoa –Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Mozal Legea ez aplikatzeko konpromisoa– Eusko Jaurlaritzak bere egingo balu, Ertzaintza litzateke Espainiako Estatuko lehen polizia autonomikoa oso kritikatua den legea ez erabiltzeko konpromisoa hartzen duena. Pasa den urteko uztailetik 2016ko martxora bitartean, Ertzaintzak 3.959 isun jarri ditu Mozal Legea erabiliz, Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako datuen arabera (laster datu hauen zehaztapenak argitaratuko ditu ARGIAk).

Beste bi puntu ere jasotzen ditu onartutako testuak: Mozal Legearen aurkako jarrera publikoki agertzea eta lege hori Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan berriz ere aplikatuz gero zigortuari babesa adieraztea. Gipuzkoako Batzar Nagusiek ekainaren 8an gehiengo osoz (45 bozetatik, 44 alde) onartu zuten testu bera da gaur Legebiltzarrean onartutakoa.

Politikarien argudioa eta eztabaida

Julen Arzuaga (EH Bildu): "Mozal Legea onartu aurretik gehiengo politiko eta sozialak esan zuen legeak oinarrizko eskubideak urratuko zituela, eta ondoren bere aplikazioan hala izaten ari dela ikusi dugu. Lege injustua politikariek sortutakoa bada, politikariek eman behar diote konponbide praktikoa, eta hori lege hau ez aplikatzea izan daiteke".

Patxi Elola (PSE-EE): "Axier Lopezi jarritako isuna prentsa eta adierazpen askatasunaren kontra doa. Lege horren aldeko gure jarrera berresten dugu, atzerakoia eta antidemokratikoa delako. Bere ondorio larriak ikusten jarraitzen dugu gaur egun. Gobernu aldaketa egon bezain pronto, gure konpromisoa da legea bertan behera uztea. Beraz, bien bitartean, lege honek kaltetutako pertsonei eta kolektiboei babesa emateko prest gaude, edozein delarik zigortutako jarduna edo jatorria".

Juan Carlos Ramirez Escudero (EAJ): "Gaur, kazetariengan arreta jartzeaz gain, bista hedatu eta herritar guztiengan pentsatu nahi dugu. Lege honek oinarrizko eskubideak urratzeko aukera ematen duen eskumenak ematen dizkio poliziari. Gu ez gara soilik legeaz kexu, gu konprometitzen gara kaltetuei elkartasuna adieraztera eta lege hau Euskadin ez dadin aplikatu saiatzera".

Carmelo Barrio (PP): "Legea ona da. Askatasunak bermatzen ditu. Orain arte, lege hau ez du inongo parlamentuk edo epaitegik bertan behera utzi. Guk gaur babestuko duguna Carlos Urquijo izango da. Berak askatasunak babesten ditu, eta ondo gainera. Eta zuek ondo dakizue, bere lanak azkura sortzen dizuelako. EH Bilduk EAJ eta PSE-EE limurtu ditu gaur.

Ezin da polizien aurpegien argazkirik argitaratu. Ezin da, eta hori egiten dutenei legea aplikatuko zaie eta zigortu.

Nola eskatu ahal da lege demokratiko eta konstituzional bat ez aplikatzea! Ez da bidezkoa! Hirugarren munduko eskaera da. Zuzenbideko ikasleek hau ikusiko balute, flipatuko lukete. Pena da gauza hauez hitz egin beharra. Horregatik Eusko Jaurlaritzak ez ditu legez besteko proposamenak betetzen, hau moduan, batzuk ez direlako serioak".

Julen Arzuaga (EH Bildu): “Beste komunikabideetan etengabe ikusten ditugunean polizien aurpegiak, egunero eta inolako problemarik gabe. Lege honek poliziari ematen dizkio ez dagozkion eskumenak. Epailearen funtzioak betetzea, polizia eta zenbait ordezkari politikoren esku uzten du. Eta hemen 3.995 aldiz aplikatu da legea. Eta horiez gain, hor dugu berriki hainbat kazetari elkartek salatu duten Gorka Bereziartuari Ertzaintzak egindako erasoa”.

Patxi Elola (PSE-EE): “Barrio jauna, defendaezina defendatu duzu gaur. Mozal Legeak konstituzio ordena hankaz gora jartzen du, beste arrazoi batzuengatik, isunak poliziak eta gobernuaren ordezkariek jartzen dituztelako. Noski, EH Bilduk aurkeztutako testuaren bigarren eta hirugarren puntuak eztabaidagarriak dira, baina norabide egokian aurrera egiteko pausu txiki bat bezala ulertzen ditugu”.

Juan Carlos Ramirez Escudero (EAJ): “Inork ez du beste inor limurtu. PP salbu, alderdi guztien arteko adostasunaren emaitza da gaur onartutakoa”.

Carmelo Barrio (PP): “Seguru aski lege berri bat izango dugu hurrengo legegintzaldian, baina nik ez diot inoiz parlamentu bati eskatuko lege bat ez aplikatzea. Min ematen dit sozialisten jarrera. Indarrean dauden legeei ostiko bat da gaur onartutakoa, guk legeak bete eta betearazi behar ditugulako.”

Venezuelari eta ETAri aipamena eginez amaitu du hitzartzea.

Analisia: Zer esan nahi du Mozal Legea ez aplikatzeak?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mozal legearen mehatxua
Artxibatu egin dute Ahotsa.info-ko kazetari bat gezurrekin salatu zuen udaltzainaren aurkako kereila

2021eko protesta batean Poliziaren jarduna grabatu eta zabaltzeagatik, Mozal Legea urratu izana leporatu zion udaltzainak kazetariari. Salaketan hainbat gezur esan zituen agenteak, grabatutako bideoan egiazta daitekeenez. Agiriak faltsutzeagatik kazetariak kereila jarri zuen... [+]


2023-03-15 | Axier Lopez
Espainiako Gobernuak ez du hitza bete: Mozal Legeak indarrean jarraituko du

2015ean PPk gehiengo absolutuz ezarri zuen Mozal Legea. Oinarrizko zenbait eskubide urratzen dituen arau sorta horrek kontrakotasun handia bildu zuen Espainiako Estatuko mugimendu sozial eta alderdi politikoen artean, baita nazioartean ere. Lege hori "ezbairik gabe derogatu... [+]


Otsaileko lehen osoko bilkuran onartu nahi dute Espainiako Kongresuan 'Mozal Lege' berria

Dagoeneko erreformaren %96 adostuta dute Espainiako Kongresuan erreforma lantzen ari diren alderdiek, eta datorren astean akordio batera iritsiko dira, El Plural.com-en irakurri dugunez.


Laudioko Gaztetxearen aldeko elkartasun jaialdiak antolatu dituzte Laudion, Bilbon eta Gasteizen

Laudioko Gaztetxearen kaleratzearen ondorio ekonomikoei aurre egiteko elkartasun jaialdiak antolatu dituzte Orbeko Etxean, Zazpi Katu Gaztetxean eta Gasteizko Gaztetxean. Ertzaintzak 'mozal legea' ezarri zien sei gazteri ekainaren 13ko protesten harira, 4.000 euroko... [+]


2022-12-16 | Iñaki Agirre
“Ez dugu ekimen erreformistarik nahi, Mozal Legearen indargabetzea eskatzen dugu”

Hogei eragile sozialek baina gehiagok eginiko deialdiak dozenaka pertsona bildu ditu ostegun ilunabarrean Donostian adierazpen askatasuna aldarrikatu eta Mozal Legearen indargabetzea eskatzeko. Lege horren bitartez, Hego Euskal Herrian 2020tik hona 30.000 zigor baina gehiago... [+]


Eguneraketa berriak daude