argia.eus
INPRIMATU
Energia eta telekomunikazio sistema “erresilientea” sortzeko, lankidetza abiatu dute Goienerrek eta Izarkomek
  • Bi kooperatibek euren arteko elkarlanean "urrats sendoagoak" emango dituztela iragarri dute, energia eta telekomunikazio sistema "erresiliente" bat sortzeko. Deia egin diete herritarrei Itzali sistema, piztu alternatibak manifestuarekin bat egin dezaten.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko maiatzaren 28a
Izarkomeko zuzendari Iker Garaialde eta Goienerreko lehendakari Erika Martinez, manifestua sinatzen, Bilbon. Goiener / Izarkom

Iberiar penintsula osoan itzalaldi handi bat gertatu zela hilabete igaro denean, Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak eta Izarkom telekomunikazio operadore kooperatiboak prentsaren aurrean azaldu nahi izan dituzte elkarrekin sinatu duten Itzali sistema, piztu alternatibak manifestuaren edukiak.

Bilbon asteartean egindako agerraldian, Goienerreko lehendakari Erika Martinezek eta Izarkomeko zuzendari Iker Garaialdek energia eta telekomunikazio burujabe eta iraunkorraren alde egin dute. Azpiegitura zentralizatuak eraiki beharrean, tokiko sare autonomoak sortu beharko liratekeela uste dute, "boterea gutxi batzuen esku gera ez dadin". 

Azpiegitura zentralizatuak eraiki beharrean, tokiko sare autonomoak sortu beharko liratekeela uste dute, "boterea gutxi batzuen esku gera ez dadin"

Apirilaren 28ko itzalaldia, gertaera puntual bat baino, etekinak "maximizatzea" bilatzen duen sistemak sortzen dituen "ahultasun eta menpekotasunen" ondorioa izan zela diote. Zentzu horretan, bi kooperatiben aburuz beharrezkoa da eredu "iraunkor, demokratiko eta parte hartzaileagoa" sortzea, eta gogorarazi dute lehen pausoa kontsumo ohiturak aldatzea dela.

Hala, herritarrei eta eragileei eskatu diete azpiegitura "kritikoak" zeinen eskuetan dauden hausnartu eta manifestu kolektiboari atxikimendua emateko, piztualternatibak.eus webgunearen bidez.

Bilboko Izarkomen bulegoan eman dituzte prentsaren aurrean azalpenak bi kooperatibek, astearte honetan. Goiener / Izarkom

Eraldaketa ekosozialerantz lankidetzan

Halako itzalaldi bat berriz ez gertatzeko, edo horren aurrean prest egoteko, ekonomia eraldatzailean ari diren eragileen arteko elkarlana ezinbesteko ikusten dute: "Kooperatibek elkarren beharra dute eraldaketa ekosozialaren bidean", esan du Garaialdek. Ildo horretan, Goienerrek eta Izarkomek lankidetza abiatu dute, eta aztertzen ari dira etorkizunean "zerbitzu bateratuak eskaini edo baliabideak elkarbanatzea".

Goienerrek eta Izarkomek lankidetza abiatu dute, eta aztertzen ari dira etorkizunean "zerbitzu bateratuak eskaini edo baliabideak elkarbanatzea"

Martinezek, bere aldetik, energia eta telekomunikazioen sistema "erresilienteago" bat eraiki behar dela esan du, eta horretarako "bidelagun onak aurkitu eta zaintzeak" duen garrantzia azpimarratu du.

Elkarlan horren barruan, hain zuzen, dibulgazio ekintzak ere landuko dituzte. Ekainaren 19an hitzaldia eskainiko dute bi kooperatibek, 18:00etan Bilboko Goienerren egoitzan.