Jazarpen arrazistak eztanda egin du Espainiako Torre Pacheco herrian, Euskal Herrian ere ezagun zaizkigun diskurtsoak hauspotuta: immigrazioa lotzea delinkuentziaren, sexu-erasoen eta segurtasun faltaren gorakadari. Baina datuek frogatzen dute gezurra direla gorroto diskurtso interesatu horiek.
Murtziako herriko etorkinen aurkako “ehiza-gau” antolatu beldurgarriek gogora dakarzkigute gurean ere han-hemenka antolatzen ari diren herritar patruilak eta eraso arrazistak, segurtasunaren izenean pertsona arrazializatuak (bereziki magrebtarrak eta musulmanak) jomuga dituztenak. Guztiaren atzean, ultraeskuinak (baina ez bakarrik ultraeskuinak) inpunitate osoz zabalduriko gorroto diskurtsoak daude, herritarren iruditerian gero eta txertatuagoak: migratzaileen gorakadak delinkuentzia areagotu duela, emakumeen aurkako sexu-erasoen egileak batez ere beste kultura batzuetako gizonak direla, kaleko segurtasuna txikitu dela, haien aurka ez dela neurririk hartzen eta dirulaguntzetatik bizi direla…
Lanera datozen migratzaile "txintxoak" ez, delitu egitera datozen migratzaile "gaiztoak" baino ez omen dituzte helburu, horrek azal beltza edo beltzarana dutenen aurkako jipoi kolektibo eta antolatuei zilegitasuna emango balie bezala. Kurioski, ez dago herrikide zuri "gaiztoen" aurkako ehiza antolaturik.
Gainera, datuek behin eta berriz gezurtatu dituzte aipatu diskurtsoak, eta oraingoan ere, Torre Pachecoko eztandaren harira, hala frogatu du Eldiario.es-ek: Espainiako Barne Ministerioaren datuen arabera, azken hamarkada kontuan hartzen badugu, 2005etik 2025era bikoiztu egin da migratzaile kopurua Espainiako Estatuan, eta ordutik hona, delinkuentzia gero eta txikiagoa da urtez urte. Are, 2025eko lehen hiruhileko datuen arabera, inoizko txikiena izan da estatuan. Lapurreta eta ebasketen kasuan, nazionalitate espainiarreko herritarrek eginak dira kasuen %70, eta sexu delituen kasuan, ez da egia "beste kultura bateko gizonek" erasotzen dituztela emakumeak, kondenatuen gehiengo handiak espainiar nazionalitatea dauka.
Bada beste bulo orokortu bat: migratzaileek delitu egiten dutela eta ez dutela ondoriorik izaten. Are, saria jasotzen dutela, dirulaguntzetatik bizi direla
Proportzionalki, kondena gehiago jasotzen ditu jatorri atzerritarreko jendeak, hori ere badiote Eldiario.es-en, eta gehitu dute hainbat faktore hartu behar direla kontuan, hala nola pobrezia tasa handiagoa, Poliziaren kontrol gehiago, egoera irregularra... Azken buruan, erreportajean azaltzen duten moduan, migratzaileek eurek badakite ez zaiela delitu egitea komeni, zigor handiagoak jasotzen dituztelako.
Horren atzean ere bada beste bulo orokortu bat: migratzaileek delitu egiten dutela eta ez dutela ondoriorik izaten. Gezurra den seinale, datu esanguratsu bat: 2024an egunero batez beste zortzi herritar deportatu zituen Espainiako Gobernuak.
Eta bulo horren luzapena: ondoriorik ez, eta gainera saria jasotzen dute, dirulaguntzetatik bizi dira. Euskal Herrian ongi ezagutzen dugu diskurtsoa, ez alferrik Javier Maroto Gasteizko alkate zenak temati jardun zuen “etorkinak gizarte laguntzetatik bizitzera datoz” ideia lau haizetara zabaltzen. Datuek, orduan ere, gezurtatu egin zuten halakorik, artikulu honetan kontatu genuenez.