argia.eus
INPRIMATU
Change The Change Pedro Sánchez eta Iberdrolak irekiko dute eta Berta Caceresen alabak itxiko
  • "Aforo completo" dio aurkezpen orrian Change The Change biltzarraren webguneak: gonbidatu gehiago ez da sartzen, arrakasta totala. Klimaren Aldaketari buruzko Aklima astearen ekitaldi nagusia Donostian abiatuko da asteartean, 5, eta zientoka agintari eta aditu bilduko ditu mundu osotik. Irekierako ekitaldietan Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera Pedro Sánchez Espainiako lehen ministroa eta Ignacio Sánchez Galán Iberdrola multinazionaleko lehendakaria egongo dira. Itxierakoan, Greenpeaceren zuzendari nagusiarekin batera Berta Caceres ekintzaile hondurastar energiaren multinazionalen sikarioek hilaren alabak hartuko dute parte.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2019ko martxoaren 04a

EAE osoko ia ehun udalerritan hainbat ekitaldi ikusiko dituen Asteklima barruan, Donostian martxoaren 5etik 8ra artean Change the Change Nazioarteko Konferentzia egingo dute. Antolatzaileek azken egunotan zabaldu dutenez, ongi etorri ekitaldian, asteartean 5, Madrildik espreski jinik Pedro Sanchez lehen ministroak ponentzia propioz parte hartuko du. Aldamenean edukiko du Iñigo Urkullu lehendakaria ere, EAE, Gipuzkoa eta Donostiako agintari nagusiekin batera. Biharamunean, asteazkena 6, lehen saio nagusiaren buru izango dira Teresa Ribera Espainiako gobernuko Trantsiziorako ministroa, Nicholas Stern Klimaren Aldaketaren ikerketarako Grantham institutuko kidea, Ignacio S. Galan Iberdrolako lehendakaria eta Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburua.

Ignacio S. Galanen presentzia sinbolikoaz gain adierazgarria ere bada: Iberdrola energia multinazionala da Klimaren Aldaketaren Change The Change biltzarraren patrozinatzaile nagusia, Espainia, EAE, Gipuzkoa eta Donostiako administrazio publikoen ondoan. FCC, BBVA eta Red Electrica Española dira enpresa bultzatzaileak eta klimaren aldaketa okerragotzeaz behin eta berriro salatuta dauden konpainia oso esanguratsuak dira gainerako kolaboratzaileetako asko.

Aipamen berezia merezi du Aclima klusterrak. Klima zaintzea helburutzat daukala dioen lobby indartsu honetan biltzen dira Euskal Herriak atmosferara isurtzen dituen CO2 kopuru handienen arduradunak: Arcelor-Mittal, Cementos Lemona, Cementos Rezola (Arrigorriaga eta Añorga), Hormigones y Minas, Sertego-Urbaser, Zabalgarbi eta beste. Ez da kasualitatea dagoenekoz amaitzear daukaten Zubietako errauste plantari Gipuzkoako agintariek Gipuzkoako Ingurumen Gunea deitzea, harritzekoa ez den bezala martxoaren 5 eta 6rako protesta eta mobilizazioak iragarri dituen Errausketaren Aurkako Mugimenduak Change the Change biltzarrak "greenwashing [eko-kosmetika] operazio bat" dela esatea.   

Azken ekitaldiari itxiera emateko, berriz, 10 emakume deitu dituzte, horietako batzuk "planetaren heroiak" (heroínas del planeta) bataiatuta. Horien artean egongo dira Leyla Acaroglu Nazio Batuen erakundeak Planetaren Txapeldun izendatua, Sylvia Earle ozeanografoa, Bunny McDiarmid Greenpeaceko zuzendari orokorra eta Laura Zuñiga Caceres, Hondurasen energiaren multinazionalek eraiki nahi zuten urtegi baten kontrako borrokan sikarioek hildako Berta Caceres ekintzailearen alaba.