argia.eus
INPRIMATU
Biolur elkarteak 30. urteurrena ospatuko du uztailaren 9an Zestoan
  • Egun osoko egitaraua prestatu dute nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteko kideek, eta izen-ematea irekita dago uztailaren 3ra arte. Batzarra, ekitaldia, bazkaria eta kontzertua egingo dituzte, eta esku artean duten Amillubi baserri eta eremuko proiektua bisitatuko dute bertaratutakoek.

Leire Artola Arin 2023ko ekainaren 27a

Hiru hamarkada bete ditu Gipuzkoan nekazaritza ekologikoaren alde ari den Biolur elkarteak, eta uztailaren 9an, igandean, ospatuko dute urteurrena Zestoan. “Arraunean bezala, atzera begiratuz aurrera egiteko intentzioz lanean dihardugu etorkizunari begira”, iragarri dute. Eguna baliatu nahi dute 30 urte hauetan bidelagun izan dituzten pertsona eta eragileekin batzeko, eta aurrera begira duten “proiektu garrantzitsuaren” berri emateko.

Egun berezia antolatu dutela azpimarratu dute: goizean Biolurren batzar nagusia egingo dute, eta 12:30etik 14:00etara bitartean Amillubi Txiki baserria eta inguruko lurrak bisitatuko dituzte. Biolurreko kideek aurreratu dutenez, gogoz daude eremu horretan aurrera begira dituzten asmoak partekatzeko; nabarmendu dute Biolurren proiektu garrantzitsua izango dela Amillubikoa.

Jarraian Zestoako Iraeta frontoian batuko dira ospakizun ekitaldia hasteko, eta bazkariaz gain kontzertua ere izango dela jakinarazi dute. 6 urte arteko haurrek doan izango dute otordua, 6-12 bitartekoek 12 eurotan, eta gainerakoek 25 eurotan.

Dei egin dute 30. urteurrena beraiekin ospatzera, eta izena emateko aukera zabaldu dute uztailaren 3ra arte, Biolurrera deituta (943 76 14 47) edo biolur.eus webgunearen bidez.

Biolurren lana sakonago ezagutzeko, ikusi eta entzun Egonarria saioan esandakoak elkartearen ibilbideko parte izan diren Miriam Arrizabalagak eta Pello Rubiok.