argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako bederatzi atxilotuetatik zazpi inkomunikazio egoeran, eta herritarrak kalean
  • Terrorismoa, matxinada eta lehergaiak edukitzea dira atxilotuei leporatzen dizkieten delituak. Askok mugimendu independentista kriminalizatzeko saiakera bezala ulertu dute polizia operazioa, eta atxiloketak gaitzetsiz kalera atera dira milaka herritar.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 24a
Mobilizazioa Sabadellen (Argazkia: Mireia Comas)

Atzo goizaldean Kataluniako Vallès eskualdean Guardia Zibilak bederatzi atxiloketa burutu zituen, Defentsarako Komiteekin (CDR) loturan. Operazioa Espainiako Auzitegi Nazionaleko Seigarren Epaitegi Zentralak agindu zuen, eta Barne Ministro Fernando Grande Marlaskak baieztatu. Madrildik bidalitako errefortzuekin 500 Guardia Zibilek burutu zuten operazioa, La Directak jakinarazi zuenez.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak atxilotuei leporatzen die urriaren 1eko erreferendumaren urteurrena eta buruzagi independentisten kontra egindako epaiketaren sententzia publiko egin artean, ekintzak burutzeko asmoa izatea. Operazioa “bortxazko ekintzak prestatzen ari ziren independentisten” aurkakoa zela, hala zioen Guardia Zibilak.

Guardia Zibilak agiri batean zabaldu zuenez "leherketak egiteko lehengaiak" izan daitezkeenak atzeman dizkiete atxilotuei, eta baita "dokumentazioa" eta "material informatikoa" ere.

Mugimendu independentista kriminalizatzeko saiakera

Atxiloketen berri izatearekin batera, hainbatek egin zuen irakurketa bera: polizia operazioa mugimendu independentista kriminalizatzeko saiakera zela. Hala adierazi zuten hainbat antolakunde eta norbanakok sarean:

 

 

 

Tamara Carrascoren kasua ere ekarri dute gogora hainbatek, tartean Carles Puigdemontek. 2018ko apirilaren 10ean atxilotu zuten Carrasco “CDRetako koordinatzaile izateagatik”, eta terrorismo, matxinada eta sedizio delituak egotzi zizkion Espainiako Fiskaltzak. Epailearen aurretik pasa ostean, kautelazko neurriekin aske utzi zuten, desordena publikoa delitua leporatuz.

Bi atxilotu, aske

Bederatzi atxilotuetatik bi karguekin aske geratu ziren astelehen gauez, dei egiten zaienean epailearen aurretik pasatzeko obligazioarekin. Beste zazpi atxilotuak Tres Cantoseko (Madril) Guardia Zibilaren komandantziara lekualdatu zituzten, eta hurrengo egunetan deklaratuko dute Madrilen. Atxilotu guztiei ondoko delituak leporatu dizkiete: terrorismoa, matxinada eta lehergaiak edukitzea.  

Madrilen atxilo dauden zazpien abokatuek operazioak kontraesanak dituela salatu dute. Horrez gain, jakinarazi dute oraindino ez dutela aukerarik izan atxilotuekin hitz egiteko, eta El Periodicori adierazitakoaren arabera, non zeuden ere ez dute jakin hamabost ordu bakarturik zeramatzatela salatu zuten arte.

Egunkari berak jasotzen duenez, defentsa koordinatzen duen Alerta Solidària kolektiboko bozeramaile Xavier Pellicer-ek azpimarratu du azalpen logikorik ez duela bederatzi atxilotuetik bi aske utzi izanak, denei terrorismo delitua leporatzen zaiela kontutan izanik. Gaineratu du “ez dela frogatu” konfiskatutako materiala lehergarria denik, eta azpimarratu du “ezin direla etorkizuneko delituak jazarri”.

Urte eta erdiz ikerketapean

La Vanguardiak emandako informazioaren arabera, baimen judizialarekin atzo atxilotutako norbanakoen telefono deiak entzun eta grabatu ditu Guardia Zibilak azken urte eta erdian. Horrez gain, jarraipenak ere egin dizkiete, baita argazkiak atera eta bideoz grabatu ere.

Atxilotuak ikerketapean egon dira tarte guzti horretan. Atzoko atxiloketekin “ikerketaren zati bat amaitu zen”, La Vanguardiaren arabera.

Mobilizazioak atxiloketen aurrean

Atxiloketak eta errepresioa gaitzetsiz, milaka herritar atera ziren kalera Kataluniako hainbat herri eta hiritan: