argia.eus
INPRIMATU
Bake akordio berria sinatuko dute gaur Kolonbian, oposizioaren ezetzaren aurrean
  • Bake akordio berriaren sinatze ekitaldia egingo dute gaur Kolonbiako Gobernuak eta FARC gerrillak. Bigarren akordio hau Kongresuan onartuko da, lehenengoan erreferendum bidez ezezkoa gailendu ondoren. Bogotako Colon antzokian egingo dute ekitaldia, Euskal Herrian arratsaldeko bostak direnean.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko azaroaren 24a
Juan Manuel Santos eta Tymochenko lehen akordioaren sinatze ekitaldian. (Arg.: EiTB)

Azaroaren 12an FARCek eta Kolonbiako Gobernuak itxi zuten bigarren akordioaren sinatze ekitaldia izango da gaurkoa. Lehen aldian egin bezala, Kolonbiako presidente Juan Manuel Santos eta FARCeko buru Rodrigo Londoño Timochenko izango dira sinadura ekitaldiko bi pertsonaia nagusiak.

Lau urteko negoziaketen ondoren, lehen akordioa urriaren 2an bertan behera geratu zen, egindako erreferendumean ezetzak botoen %50,2 lortzean. Oposizioaren eta gobernuaren arteko bileren ondoren, negoziaketek aurrera jarraitu zuten Habanan, ezetzaren aldekoen 500 proposamen inguru aztertuz.

Kongresuan onartuko dute bake akordioa, hala, bigarren erreferendum bati uko egingo dute. Bertan baiezkoaren aldekoek gehiengo osoa dute. “Gizarteko sektore gehienek, gazteek, elizak eta sektore politikoek erreferendum berri baten aurrean kezka erakutsi dute. Kanpaina berri batek herrialdea polarizatuko luke eta hau batasunaren garaia da, ez zatiketarena”, azaldu du Santosek.

Oposizioaren ezetzak jarraitzen du

Alvaro Uribe presidente ohia buru duten bake akordioaren aurkakoek bigarren erreferenduma eskatzen dute. Uribek eta bere jarraitzaileek akordioan aurrerapausoak eman direla onartu dute, baina herritarrek urrian atzera bota zutenari ukitu batzuk besterik ez eman izana gaitzetsi dute.

Oposizioaren proposamenetako asko akordioan sartu diren arren, bi aldeen arteko desberdintasunak “gaindiezinak” direla ikusi dute aste honen hasieran eginiko bileran.

Presidente ohiaren ustez, aldaketak beharrezkoak dira gerrillariei ezarri behar zaizkien zigorretan. Onartuko den akordioan zigorrak ageri dira delitu larrienak egin dituztenentzat, baina inoiz ez kartzela itxi batean. Gobernuaren esanetan, akordioaren puntu horiek alda ezinak dira.