Israelek maiatzean Conscience itsasontzia bonbardatu eta ekainean Madleen itsasontzia bahitu ostean, nazioarteko ekimena berriz saiatuko da laguntza humanitarioa Gazara sartzen. "Erronka hau Gazako umeengatik da", adierazi du Askatasunaren Ontzidiak Siziliatik (Italia) igande goizean abiatzean. Ynet Israelgo hedabideak jakinarazi du Israelek Gaza hegoaldean egin nahi duen "hiri humanitarioa" eraikitzeak gutxienez urtebete hartuko lukeela, eta herrialdeko lehen ministro ohi Ehmud Olmertek adierazi du konzentrazio esparru bat litzatekela.
Maiatzaren bukaeran GHF Gazako Fundazio Humanitarioak zerrendan laguntza humanitarioa banatzeari berrekin zioenetik, gutxienez gutxienez 700 hildako egon dira janaria banatzen ari zirela. Horren aurrean, aurreko hilabeteetan Palestinan lurreratzea lortu ez zuten Conscience eta Madleen itsasontzien ondoren, saiakera berria egingo du Askatasunaren Ontzidiak Handala itsasontziarekin, Siziliatik abiatuta.
Itsasontziaren izenak marrazki bizidunetako pertsonai palestinar batean du bere jatorria: "Handala hankutsik ibiltzen den haur errefuxiatu bat da, injustiziari bizkarra eman diona eta hala egiten jarraituko duena Palestina aske izan arte". Itsasontziak "haren espiritua" du, nazioarteko ekimenaren arabera.
Maiatzaren hasieran, nazioarteko 50 ekintzaile zeramatzan Conscience itsasontzia dronekin bonbardatu zuen Israelek, Maltatik gertu. Ontziratzeko zain zegoen Mikel Zuluaga Mikelon euskal herritarrak ARGIAri telefono elkarrizketan azaldu zionez, erasoaren unean tripulazioa zegoen soilik ontzian; ekainean, berriz, Gazako kostaldetik 150 kilometro ingurura zegoela Israelgo armadak Madleen itsasontzia bahitu eta bertan zihoazen hamabi ekintzaileak Israelgo portu batera eraman zituen, ondoren bakoitza bere jatorrizko herrialdera bidaltzeko.
"Hiri humanitario" ala konzentrazio esparru?
Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek joan den astean iragarri zuen Gazako bi milioi palestinarrak zerrenda hegoaldean eraikiko luketen "hiri humanitario" batera lekualdatzeko asmoa dutela, Rafah hiritik gertu. Ministroaren arabera, hiri horretako hondakinen gainean "eremu humanitario" berri bat eraiki nahi dute, eta hasieran 600.000 errefuxiatu hartuko balituzke ere, euren helburua da Gazan bizi diren palestinar guztiak hartzea. "Eremu humanitario" hori "zaintzeko" ardura Israelgo armadak izango luke, eta hirira sartzeko segurtasun kontrol bat igaro beharko lukete palestinarrek, "Hamaseko kideak" ez direla egiaztatzeko.
Bada, Ynet Israelgo hedabideak jakinarazi du "hiri humanitario" hori eraikitzeak gutxienez urtebete hartuko lukeela, eta 10 eta 15 bilioi euro arteko gastua suposatuko lukeela. Aurreikuspen hori ez da Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren gustukoa izan, hedabidearen arabera, armadari "azkarragoa eta merkeagoa" izango litzatekeen plan bat osatzea eskatu baitio.
2006 eta 2009 urteen artean Israelgo lehen ministro izan zen Ehmud Olmerten aburuz, hiri hori "konzentrazio esparrua" izango litzateke, The Guardian egunkari britainiarrari eginiko adierazpenetan adierazi duenez: "Palestinarren garbiketa etnikoaren parte izango litzateke".