argia.eus
INPRIMATU
Abortu eskubidea babestu du Nafarroako Parmentuak, eskuinaren botoekin testua atzera bota den arren
  • Abortu eskubidea "blindatzea" eta kliniketako langile eta erabiltzaileei babesa agertzea helburu, adierazpen instituzionala aurkeztu dute PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin alderdiek Nafarroako Parlamentuan. UPNk, PPk eta Voxek, ordea, testuaren aurka bozkatu dute, eta ez du aurrera egin. Testuak, besteak beste, egunotan hizpide izan den Gasteizko Askabide klinikaren kasua aipatzen du, abortatzera doazen emakumeek eta langileek sufritutako jazarpena, tartean.

Jon Torner Zabala @jtorner 2025eko azaroaren 25
2022an Gasteizko Mugimendu Feministak abortatzeko eskubidearen alde egindako kontzentrazioa, 40 días por la Vida-ren jazarpen kanpainaren aurka. Hala Bedi

Pasa den astean egin zen 2022an Askabide klinikaren aurrean protesta egin zuten 21 lagunen aurkako epaiketa. Urte horretako irailaren 28tik azaroaren 4ra bitartean, abortatzera zihoazen emakumeei jazartzeagatik epaitu dituzte. Espaloiaren beste aldean jartzen ziren, eta "laguntza" eskaintzen zieten. Zentroko zuzendaritzak Ertzaintzaren aurrean salatu zituen protestok, eta 21 pertsona identifikatu zituzten. Auzia ebazpenaren zain geratu da. 

Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako adierazpenak ACAI Haurdunaldia borondatez eteteko klinika akreditatuen elkarteak emandako datuak jaso ditu. Esaterako, 2018an klinika batera joan ziren emakumeen %89k jazarpena jasan izana salatu zuen. Testuak dio klinika batera joaten diren emakumeak "zaurgarritasun handiko egoeran" egon daitezkeela, eta talde ultrakatolikoek eta abortuaren aurkako taldeek urteak daramatzatela baimendutako zentroen aurrean ekintzak antolatzen, "emakumeak eta profesionalak jazartzen". Era berean, 2022an onartutako Zigor Kodearen erreforma dakar gogora, klinika horietara sartzea eragozteko edo bertako profesionalen lana oztopatzeko jokabideak zigortzen dituena.

PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin alderdiek adostutako adierazpen instituzionalak lau puntu zituen: erabiltzaileei eta profesionalei babesa eta elkartasuna adieraztea; talde ultra-erlijiosoek eta abortuaren aurkako taldeek egindako jazarpen-ekintza edo elkarretaratze oro arbuiatzea; Konstituzioan abortatzeko eskubidea blindatzearen alde agertzea; eta sistema publikoan abortua modu askean eta seguruan egiteko eskubidea aldarrikatzea.

UPNk, PPk eta Voxek haren aurka bozkatuta, adierazpen instituzionala izan beharrean, adierazpena izan da azkenean, parlamentuaren gehiengoak onartua.