Dumak, Errusiako Parlamentuak, zientoka presori amnistia ematea onartu du. Adituek diotenez, Pussy Riot-eko ekintzaileak aske gera daitezke. 20.000 preso inguru gera daitezke libre, Rt kateak nabarmendu duenez.
Artikoan atxilotutako Greenpeacen 30 kideentzat amnistia
Irailean Artikoko uretan atxilotutako Greenpeaceko 28 militanteei eta kazetari freelance biei ere eragingo die Dumak onartu berri duen amnistiak. Hortaz, ez dute kartzelara itzuli beharko eta ez dituzte epaituko.
Artikoko 30ak izenez ezagun den taldeko kide guztiak azaroan geratu ziren fidantzapean aske, baina denbora bitarte honetan ezin izan dute Errusiatik irten –kontuan hartu behar da 30etatik 26 ez direla errusiarrak–, agintariek bisa ukatzen baitzieten. Amnistiarekin batera, atzerrira joateko eskubidea onartuko zaie berriz.
Erabaki hori hartuta, Dumak bat egin du Itsasoko Zuzenbideko nazioarteko Epaitegiak (ITLOS) azaroan ebatzitakoarekin. 30 atxilotuak askatzeko eta haien kontrako salaketa guztiak bertan behera uzteko eskatu zion Moskuri ITLOSek. Gogoan izan behar da hasiera batean pirateria egotzi nahi izan zietela –bakoitzarentzat hamabost urtera bitarteko espetxealdia ekar zezakeen horrek–, eta gero salaketa leundu eta bandalismoa leporatu zietela –zazpi urteko zigorra–. Salaketek ez dute aurrera egingo, bistan dena.
Irailetik hona gertatutakoaren berri artikulu bi hauetan:
Greenpeaceko 29 kiderentzat fidantzapeko askatasuna ebatzi du San Petersburgoko Auzitegiak (gerora 30. kidearen askatasuna ere ebatzi zuten)
Artikoko piratak (artikulua Unai Brearen blogean)