argia.eus
INPRIMATU
Amnistia Internazionalak exijitu dio CAFi Jerusalemgo tranbiaren proiektua bertan behera uzteko
  • NBEren txosten batek azaldu du Beasaingo enpresak lagundu egiten duela Israelgo legez kanpoko kolonien hedapenean. Amnistia Internazionalek deialdia egin die gobernuei “urgentziaz” esku hartu dezaten txostenaren ondorioekiko.

Maria Ortega Zubiate 2025eko uztailaren 04a
CAFen Jerusalemgo tranbia Wikipedia

Ostegunean kaleratu zen NBEko Palestinar Lurraldeetarako kontalari berezi Francesca Albanesek ondutako txostena. Okupazioaren ekonomiatik, genozidioaren ekonomiara izenpean, kontalariak aztertu du nazioarteko zein enpresak dituzten negozioak Palestinako genozidioan. Aurretiaz ere askotan salatu da Euskal Herrian, baina Albanesek baieztatu egin du: CAFek Israelgo kolonia ilegaletan negozioak egin ditu.Amnistia Internazionalak, ohar bidez, negozioak bertan behera utzi ditzala “exijitu” dio enpresari, eta Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari “urgentziazko” esku hartzea eskatu die. Gobernuei ez ezik, enpresako akziodunei ere eskatu die beren botoa erabiltzeko proiektua bertan behera uzteko. Akziodun horien artean daude, besteak beste: Kutxabank, Mayoral haurren arropa denda eta enpresako langileak.

2019an irabazi zuen CAFek Jerusalemgo tranbia eraikitzeko kontratua, eta ordutik hautsak harrotu ditu gaiak. ARGIAk 2922. zenbakiko gai nagusia eta azala eskaini zizkion gaiari. Bertan ere azaltzen zen Amnistia Internazional. Pasa den ekainaren 14an CAFen urteko akziodunen batzarrean izan ziren BDZ Euskal Herria eta Amnistia Internazionaleko kideak CAFek proiektua utzi zezala eskatzeko.

CAFez gain, beste enpresa asko ere zerrendatu ditu Albanesek, tartean Carrefour bere aurkako boikot kanpaina du martxan BDZ Euskal Herriak–. Horren aurrean, estatuei esku hartzeko eskatu die Amnistia Internazionalek, “urgentziaz”. Eskatu die azter ditzatela euren estatuei dagozkien enpresek ze harreman duten Israelen legez kanpoko ekintzekin; eta esan die neurriak hartu behar dituztela enpresa horiek okupazio ilegala edo apartheida bultzatu ez ditzaten, edo negoziorik egin ez dezaten.

CAF, azkena

Aipatu akziodunen batzarrean, CAFeko lehendakari Andres Arizkorretak azpimarratu zuen CAFek ez duela legez kanpoko negoziorik egiten eta giza eskubideak errespetatzen dituela. Hori ezeztatu du, ordea, Albaneseren txostenak. Horren harira, Amnistia Internazionalek gogorarazi du COMSA enpresa kataluniarrak 2024an bertan behera utzi zuela Jerusalemgo trenbidearen eraikuntzan zuen kontratua. Aste honetan albiste izan da beste euskal enpresa batek ere, Sidenorrek, Israelekin negozioak etengo dituela. Erabaki horiek presioaren ondorengo izan dira.

Bide bera hartu behar du CAFek, hori exijitu du Amnistia Internazionalek. Azaldu du 2016an ebatzi zuela NBEk proiektua legez kontrakoa dela, “nazioarteko zuzenbidea eta NBEren erresoluzioak urratzen” dituelako. “CAFek ezin du beste aldera begiratu eta nazioarteko gomendioak bete barik jarraitu”, laburbildu du antolakundeak.