argia.eus
INPRIMATU
Alemaniak ere glifosatoa debekatuko duela iragarri du, Monsantoren pestizida pozoitsua
  • 2023ko abenduaren 31rako glifosatoa erabiltzea debekaturik egongo da herrialde germaniarrean. Austria izan zen Europar Batasuneko lehen herrialdea herbizida kimikoari ateak ixten, joan den uztailean.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2019ko irailaren 06a
Glifosatoaren erabileraren aurkako protesta bat Berlinen (arg: Campact)

Alemaniako agintariek intsektuak babesteko programa baten aurkezpena aprobetxatu dute glifosatoari buruzko debekua iragartzeko. Herrialde horretan ezin izango da pestizida pozoitsu hori erabili 2023 urtea amaitzen denetik aurrera.

Lehenik eta behin lorategi, parke publiko eta bide bazterretan erabiltzeari utziko diote, eta 2020 urtetik aurrera pixkanaka nekazaritza arloan ere bai, Alemaniako Ingurumen ministerioak jakinarazi duenez. Hala, Monsanto erosi ondoren Roundup herbizidaren jabe den Bayer multinazional alemaniarrak bere herrialdean ere ateak itxita izango ditu hemendik urte batzuetara.

Joan den uztailean Austriako Parlamentuak bozkatu zuen erabateko debekua, “ardura printzipioa” kontuan edukiz, eta Europar Batasuneko lehen herrialdea bilakatu zen pauso hori ematen. Baina Austriaren erabakia atzera bota nahi du agro-industriaren lobbyak Europako Batzordearen bidez. Izan ere, 2017 urtearen amaieran glifosatoa erabiltzeko baimena beste bost urtetarako berritu zuen Europar Batasunak, 2022ra arte –erabaki polemiko horretan alde bozkatu zutenen artean Alemania bera zegoen–. Angela Merkelen gobernuak orain harturiko debeku progresiboaren bideak saihestu nahi du auzitegietan amaitzea.

Nolanahi ere, hainbat herrialdetan jadanik mugatuta dago glifosatoaren erabilera, hein batean bada ere, hala nola Italian, Herbehereetan, Txekian, Vietnamen, Sri Lankan edo Saudi Arabian, besteak beste. Hiri ugarik ere "glifosatoari ez” esan diote, tartean Bartzelona, Los Angeles, Auckland, Edimburgh, Madril edo Argentinako hamabi hirik.

"Seguruenik kantzerijenoa"

Munduko Osasun Erakundeak 2015 urtean aitortu zuen produktua “seguruenik kantzerijenoa” izan daitekeela. Eta AEBetako epaimahai batek 2018ko abuztuan lotu zuen lehen aldiz Roundup-aren erabilera minbiziarekin, Bayer-Monsanto behartuz 285 milioi euro ordaintzera gaixotutako herritar bati, konpentsazio gisara. Multinazionalaren kontrako salaketa uholdeari atea ireki zion epai historiko horrek.

Glifosatoak bioaniztasuna mantentzeko funtsezkoak diren erleei ere kalte handia egiten ari zaiela diote ikerketek. Joan den urtean herri ekimen baten bidez milioi bat sinadura bildu zituzten debekua eskatzeko, eta horren ondorioz iragarri zuen Alemaniako Gobernuak agro-kimiko horren eta antzekoen erabilera debekatzeko plana prestatuko zuela, asteazkenean publiko egindakoa.