argia.eus
INPRIMATU
Alberdaniak diseinua eta logoa eraberritu, eta bi liburu aurkeztu ditu: ‘Zer egin Miranderekin’ eta ‘Ni laiko’
  • Santi Leonék, Katixa Dolharek eta Gorka Bereziartuak idatzi dute lehena, eta Markos Zapiainek bigarrena. Lerro berria zabaldu dute bi liburu horiekin: ‘Patrika’. Diseinu aldetik, 1990etako bere liburuei keinu egin diote: portada bertikalki moztua dute, bi tonalitate diferentetan, eta autoreen izenak ere bertikalean doaz. Logo berria, lehen aldiz, liburu horietan ageri da islatuta.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko azaroaren 26a
Santi Leoné, Katixa Dolhare eta Gorka Bereziartua, 'Zer egin Miranderekin?' liburua eskuetan. Gorka Peñagarikano / ARGIA CC BY SA

Egun berezia izan da Alberdania argitaletxearentzat. Liburu bi aurkeztu dituzte elkarren segidan, eta, hori baino garrantzitsuagoa eta sinbolikoagoa dena, diseinua eraberritu du argitaletxeak. Aritz Galarraga editoreak azaldu duenez, Alberdaniaren 30 urteotako helburua izan da “literatura ona” publikatzea, edonolako generoetan, euskaraz zein gaztelaniaz, “baina testu on bat ez litzateke gauza askorik izango, ez balitz joango beste hainbat elementuz lagunduta”. Hori esanda, logo berria aurkeztu dute: beltza da, sinplea eta elegantea. Norberaren imajinazioaren esku utzi dute pentsatzea zer den. Aitortza egin diote, bide batez, orain arteko logoari, Antton Olariagak egin zuenari. Logo berria Hondarribiko Bibat estudioak egin du.

“Aldaketa garaiak” bizi ditu Alberdaniak. Sortzaile eta editore Jorge Giménez Bech duela bi urte zendu zen, eta haren seme Oier Etxebestek hartu du oinordetza. Oinarriak beti presente, hasierako izpirituari jarraitzea dute xede. Baina norabide berri eta propioa ematen ari zaio. Horren adibide logo aldaketa, eta argitalpen lerro berria zabaltzea: Patrika. Sail horren helburua izango da, izenari ohore eginez, liburu eramangarriak egitea, baita prezioz merkeak ere, “poltsiko guztien eskuragarriak”. Saiakera liburuak izango dira, autore batek edo bistan denez gehiagok idatzitakoak.

Miranderen afera, idazlea jaio eta ehun urtera

Liburuari eman dio izenburua apirilean Iruñean egin zen Jon Miranderi buruzko jardunaldietako mahai inguru batek: Zer egin Jon Miranderekin?. Solasaldian hartu zuten parte liburuaren hiru idazleek, Katixa Dolharek eta Gorka Bereziartuak, ARGIAko kolaboratzaileak biak, eta Santi Leoné aritu zen solasaren gidari lanetan. Amaia Elizalde ere bazegoen mahai inguru horretan, baina ez du libururako testurik idatzi. Bai Dolharek eta bai Bereziartuak gutxi gorabehera solasaldi hartan esandakoak ekarri dituzte liburura, eta Leonék propio atal bat idatzi du Miranderen figuraren inguruan. Mahai inguru hartan esandakoak Iñigo Satrustegik jaso zituen kronika batean, eta ARGIAren 2916. alean argitaratu zen. 

Donostiako Liburutegi Zaharrean, ezker-eskuin: Oier Etxebeste, Markos Zapiain, Santi Leoné, Katixa Dolhare, Aritz Galarraga eta Gorka Bereziartua. Gorka Peñagarikano / ARGIA CC BY SA

Argitaletxearen lerro berriak dioen moduan, patrikan eramateko modukoa da Zer egin Miranderekin? liburua. Hiru artikulu daude, egile bakoitzarena bat. Miranderen figura polemikoa, eztabaidaezina baita pentsamendu naziak zituela, Louis-Ferdinand Céline idazle frantziarrarekin lotu du Leonék bere artikuluan. Nazien kolaboratzailea izan zen Céline, Mirande ez bezala, baina Céline, Leonéren esanetan, “nazi gisa baztertua izatetik, idazle gisa maitatua izatera heldu da”. Miranderekin halakorik gerta litekeen gogoetatu du Leonék liburuaren lehen kapituluan, berari dagokion partean. “Nire proposamena da onartzea faxista zela, nazia zela, eta ñabardurak egin ditzagun gero, pentsalari eta idazle handi baten aurrean gaudelako”, adierazi du.

Dolharek, bestalde, Miranderen poemak aztertu ditu. Poema argitaratuak, baina. Izan ere, ezagun egin ziren argitaratu asmorik gabe Mirandek berak idatziriko hainbat gutun, zeinetan argi adierazten zituen pentsamendu arrazistak eta antisemitak. Horiek bazter utzi ditu Dolharek, hautu argiz: “Egia da ideologia ezin dugula ahantzi, baina poemen kasuan, Koldo Izagirrek dioen moduan, apolitikoak dira, iruditeri aldetik-eta”. Horrez gainera, Mirande idazle gisa baztertu behar dela uste dutenei, gogoeta luzatu die: “Miranderen hainbat poema gizarteratuak dira, eta klasiko bilakatuak, Iparraldean behintzat, kantatzen dira zenbaitzuk; nola zentsuratu gurean hainbeste sartuak diren kantuak, Oskorri eta Imanol kantariei esker, besteak beste?”.

Bereziartuak, azkenik, bere artikuluan, lau galdera ipini ditu mahai gainean, Miranderen aztergai gisa: zein den bere testuek duten harremana bere izate pertsonalarekin; zein harreman daukaten garaiko errealitatearekin eta gaur egungoarekin; zein lotura duten publikaturiko hizkuntzarekin eta kulturarekin; eta zein harreman duen publikoarekin, bai lehen eta bai orain. Autorea eta obra bereiztearen aldeko eta kontrako iritzien auzi historikoan, Bereziartuak proposatu du egile kategoriara eramatea dena, eta egile biografikoa eta egile literarioa bereiztea. “Askotan, Mirandez hitz egitean, uste dut egile biografikoaz ari garela. Kontu interesgarriak dira, baina gehiago interesatzen zaizkit bere testuak, hau da, egile literario gisa zer egiten duen”.

Markos Zapiain, 'Ni, laiko' liburua eskuetan. Gorka Peñagarikano / ARGIA CC BY SA

Laikotasunaren manifestua

Idatz zezakeen laikotasunaren “panfleto arrunt bat”, baina horretarako dago adimen artifiziala; hala uste du Markos Zapiainek. Aplikazio ezagunari galdetu omen zion ea zeintzuk diren laikotasunaren aldeko argudiorik interesgarrienak, eta jasota emaitzarekin gustura geratu zen Zapiain. “Hortaz, adimen artifizialak ez dakien zerbait idaztera animatu naiz; beno, uste dut ez dakiela askorik nire bizitzaz”, adierazi du Zapiainek.

Autobiografia liburu bat da, funtsean, idatzi duena Ni, laiko liburuan. Familia kontuak asko, osaba bat komunista baitzuen eta izeba bat klausurako moja, eta mutur horien artean ibili izan da Zapiain, eskola kristau batean ikasita.