argia.eus
INPRIMATU
Absolbitu egin dituzte Raimundo el Canastero musika taldeko kideak
  • Kantu parodiko bat egin zuen Lizarrako taldeak 2024ko udan, herriko festetako txosnagunea lekuz aldatu nahi zuelako UPNren udal gobernuak. Alkateak salaketa ipini zuen, "gorroto delituarekin", bere "heriotza desiratzen" zutelakoan. Epaileak adierazpen askatasunari egin dio erreferentzia, eta delitu posible guztietatik absolbitu ditu bost musikariak.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko irailaren 30
Raimundo el Canasterokoen adierazpen instituzionala. Raimundo el Canastero

Raimundo el Canastero musika taldeko bost kide inputatu egin zituzten orain urtebete Beef D'Alda abestiaren harira. Umorez, ironiaz eta kritikaz betetako kantua zen, Marta Ruiz de Alda alkateari (UPN) zuzendutakoa, iragan berri ziren Lizarrako festetan txosnagunea lekuz aldatzeko eta herritik aldentzeko erabakia hartu zuelako. Uda beroa izan zen Lizarran; alkatearen erabakiaren harira, protestak izan ziren festetako Bajadica del Puy kalejiran, eta hilabete gutxira, 27 pertsona deklaratzera deitu zituzten.

Raimundo el Canasterokoek instituzioen jarrera salatu zuten abestian. 'Quítala' (kendu ezazu) eta ‘mátala' (hil ezazu) esamoldeak erabili zituzten, txosnari erreferentzia eginda; ez alkateari. Alkateak, baina, bere aurkako eraso gisa hartu zuen, bere "heriotza desiratzen" zutela esanda. 2024ko abuztuaren hasieran deklaratzera deitu zituzten musika taldeko bost kide. Fiskaltzak ere "irainak" eta "mehatxuak" ikusi zituen kantuan.

Otsailean ziren epailearen aurretik pasatzekoak, baina pixkanaka atzeratzen joan zen epaiketa. "Gorroto delituak" salatu zituen alkateak, eta, "delitu arinak" beharrean "delitu penalak" egozten zitzaizkienez, Nafarroako Lurralde Auzitegian egin da epaiketa. 

Sare sozialen bidez, irailaren 30ean jakinarazi du Raimundo el Canastero taldeak absolbituta gelditu direla bost musikariak. Kargu guztiak kendu dizkiete. 

Taldearekiko elkartasuna

Inputatuei babesa adierazteko, 237 musikariren zerrenda argitaratu zuten otsailean, hasiera batean epaiketa egin behar zen egunaren bezperatan. Besteak beste, Belako, Chill Mafia, Eñaut Elorrieta, Fermin Muguruza, Ibil Bedi, J Martina, ØDEI, Olaia Inziarte, Nøgen eta Tatxers zeuden sinatzaileen artean.

Musikaren bidez boterea kritikatzea zilegi dela aldarrikatu zuten idazkian, eta adierazi Raimundo el Canasterorena ez dela azken boladako kasu bakana. Salatutako besteei ere aipamena egin zieten: hala nola Oiartzungo Yakovlev 42 taldekoak eta Black Marfil rapero iruindarra.