argia.eus
INPRIMATU
90 kamioi baino ez dira sartu Gazan eta gosetea zabaltzen ari da
  • NBEk azaldu duenez, egunotan soilik 90 kamioi sartu ahal izan dira lurraldera oinarrizko elikagaiekin; beste 105 zain daude mugan. Gazako gobernuaren prentsa bulegoak emandako datuen arabera martxotik 326 pertsona hil dira elikagai eta botika faltagatik eta 300 abortu izan dira. Herritarrak "zuhaitzen hostoak eta belarrak jaten" hasi dira, diote lekukoek. Soldadu sionistek nazioarteko diplomazialari talde baten kontra tiroak egin dituzte Zisjordanian.

ARGIA @argia 2025eko maiatzaren 22a
Kamioiak asteazken honetan Gazako mugan, EFEk zabaldutako irudietan.

Israelek Gaza sarraskitzen jarraitzen du. Al-Jazeera hedabidearen arabera, asteazken gauean beste 38 lagun hil ditu bonbardaketen eta erasoen ondorioz. Igandetik hona 650etik gora dira hildakoak. Eta horri gehitu behar zaio gosetea guztiz zabalduta dagoela lurraldean, bereziki Benjamin Netanyahuren gobernuak martxoaren 2an blokeo gogorra ezarri zuenetik.

Gazako Gobernuaren prentsa bulegoak datu ikaragarriak eman ditu: martxotik 326 pertsona hil dira elikagai eta botika faltagatik. Horietatik 58 destrunizioak jota hil dira, eta beste 26 lagunek giltzurruneko gaixotasunak zituzten eta ezin izan dituzte behar bezala artatu. Odola emateko kanpainak ez dira burutzen ari, herritarrak horretarako oso ahul daudelako jadanik. Haurdun zeuden 300 emakumek abortua izan dute nutriente eskasiak eraginda. Horrek, "hondamendi" bat iragartzen du, bulegoaren esanetan. 

Nazio Batuen Erakundeak asteartean jo zuen alarma: 14.000 haur txiki gosez hiltzeko zorian dira, 48 ordutan jatekorik ez badute lortzen. Gaur, osteguna, epe-muga hori bete da.

Jan Yuniseko herritar batek El Diario.es egunkariari azaldu dionez, asko "zuhaitzen hostoak eta belarrak jaten" hasi dira, beste ezer ez dutelako.

Netanyahuk igandean agindu zuen blokeoaren "gutxieneko" arintze bat, AEBetako Gobernua ez molestatzeko. Baina ordutik hona apenas sartu da elikagairik Gazara.

90 kamioi soilik, bost egunetan

Netanyahuk igandean agindu zuen blokeoaren "gutxieneko" arintze bat, AEBetako Gobernua ez molestatzeko. Baina ordutik hona apenas sartu da elikagairik Gazara. Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi duenez 90 kamioi sartu dira, eta beste 108 baimenaren zain daude mugan.

Kopuru hori guztiz eskasa da Gazan bizi diren 2,5 milioi biztanleen beharrak asetzeko. Sarraskia hasi baino lehenago egunero 500 kamioi sartzen ziren.

Diplomazialarien kontra tiro

Gazaren kontrako sarraskia estutu ahala, Israelekiko orain arteko jarrera aldatzen ari da nazioartean. Erresuma Batuak bertan behera utzi ditu Israelekin zituen akordio komertzialak, eta Europar Batasunak berrikusi egingo ditu.

Ez dirudi presio politikoek Netayahuren gobernuak duen zigorgabetasunari gehiegi eragiten diotenik. Asteazken arratsaldean Zisjordanian zegoen nazioarteko diplomazialari talde baten kontra tiro egin dute soldadu israeldarrek, telebistako kameren aurrean. Gazan ez dago atzerriko kazetaririk.

Espainiak, Belgikak, Italiak, Danimarkak eta beste hainbat herrialdek azalpenak eskatu dizkiote Israeli gertaturikoagatik. 

Hortik ordu gutxitara, Chicagoko Judutarren Museoan pertsona batek bi enplegatu hil ditu: "Guztiz hunkituta nago", esan du israeldar mandatariak, eta Israelgo Kanpo ministro Gideon Saarrek bota du hurrengo eztena: "Munduko lider eta goi agintari ugari Israelen kontrako gorrotoa sustatzen ari dira".