Japoniako abiadura handiko trenak errekor berria ondu du. Azkeneko probetan 603 kilometro orduko abiadura izatera iritsi da hamaika segundoko tartean.
Malgev izeneko abiadura handiko tren japoniarra lebitazio magnetikoaren bitartez mugitzen da. Eremu magnetikoari esker, trena errailetatik hamar zentimetrotara jalgitzen da, kontaktua ezabatuz eta airea marruskadura elementu bakarra delarik.
Hasiera batean Central Japan Railway enpresak 590 kilometroko abiadura mugatzat bazuen ere, azkeneko probetan trena 603 kilometro orduko abiadura izatera heldu da. Hala ere, erabiltzen hasterakoan gehienez 505 kilometro orduko abiadura hartzea aurreikusten dute.
Abiadura handiko tren hau ez da oraindik martxan jarriko. Izan ere, hamabi urtez probak egiten jarraituko dute. Central Japan Railwayek 2027an Tokio eta Nagoya artean lehenengo merkantzia ibilbidea estreinatzeko asmoa du. Horretaz gain, 2045erako Tokio eta Osaka arteko bidaia ordubete eta sei minututan egitea dute helburu, gaur egun bidaiak irauten duen denboraren erdia, alegia.
Abiadura handiko tren honen eraikitze kostuak, ordea, izugarriak dira. Egun probak egiten ari diren ibilbidean, Japoniak 100.000 milioi dolar gastatzea aurreikusten du. Kopuru horretatik %80 punta-puntako teknologiadun tunelak egitera bideratuko dute. Kostuei aurre egitearren, Japoniak Maglev trena nazioartean saltzen saiatzen ari da.
Japonian abiadura handiko trenak 600 kilometro orduko abiadura hartzera heltzen den bitartean, Euskal Herrian “abiadura handiko” trenak gehienez 200 eta 250 kilometro orduko abiadura hartuko du, aurreikusitakoa baino mantsoago. Germà Bel i Queralt ekonomialariak azaldu duenez, "Bilbo-Donostia helikoptero zerbitzua errentagarriagoa litzateke AHT baino".