argia.eus
INPRIMATU
10.000 lagun baino gehiago elkartu dira Irunen, osasun zerbitzuan murrizketak salatzeko
  • Aspaldian Irunen ikusi den manifestaziorik jendetsuenetakoa izan da larunbatekoa, Bidasoako ospitaleko zerbitzuak desegitearen aurka. Besteak beste, larrialdi pediatrikoak, haur eta gazteentzako psikiatria zerbitzua eta urologia ezabatu dituzte, eta agerikoak dira ondorioak. “Haurrak erreakzio larriagoa izan balu, agian Donostiarainoko bidean hilko zatekeela esan zigun pediatrak”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko ekainaren 02a
Mikel Garcia / ARGIA CC BY SA

Osasun Bidasoa plataformak deituta, Gipuzkoan biztanle gehien dituen bigarren eskualdeko herritarrak kalera atera ziren maiatzaren 31n, ospitalea jasaten ari den murrizketekin haserre. 10.000-12.000 lagun inguru batu ziren protestara, Poliziaren arabera, eta manifestazioak hiri erdigunea hartu zuen: udaletxe aurreko San Joan plaza, Kolon pasealekua eta Zabaltza plaza.

Eskualdeko osasun zerbitzu publikoen gainbeheraz ohartarazi eta zerbitzu duina aldarrikatu zuten plataformako ordezkariek. Bidasoako Ospitaleari dagokionez, eskatu zuten haur eta gazteentzako psikiatria zerbitzua, larrialdi pediatrikoak eta urologia berehala irekitzeko berriro ere. Eskualdeko osasun zentroetarako, familia mediku eta pediatra gehiago ere eskatu zituzten.

Desegindako zerbitzuak Donostiara bideratu dituzte, eta ondorioak segituan atzeman dituzte herritarrek. Psikiatria zerbitzua kendu zutenetik, adibidez, kontsultak Donostiara bideratzeak eragin du haur eta gazte askok hitzordua ezin lotzea, edo lotuz gero hurrengo kontsultarako hilabeteak itxaron behar izatea, Donostiako zerbitzua saturatuta baitago.

Itolarrian Donostiaraino

Larrialdi pediatrikoei dagokionez, adibide gisa balio dezake manifestazio egunean bertan ama batek kontaturikoa. Aurreko egunean, 2 urte ere ez dituen umeak errekan jolasean erreakzioa izan zuen, ezin arnasa ongi hartu. Anbulantziari deitu zioten, eta Bidasoako pediatriako larrialdi zerbitzurik ezean, Donostiaraino eraman zuten umea. Han garaiz artatu ahal izan zuten, baina pediatraren mezua garbia izan zen: “Lotsagarria da. Ume honek erdi mailako erreakzioa izan du; erreakzio larria izan balu, agian bidean hilko zatekeen”.

Osasun zerbitzu gehiago arriskuan

Osasun Bidasoa plataformak gogoratu du murrizketak hainbat espezialitatetan egiten ari direla, ez bakarrik haurren arretan: azken urteetan erradiologiako eta minaren unitateko arreta “nabarmen murriztu” dela adierazi dute, eta traumatologiako eta otorrinolaringologiako itxaron-zerrendak “modu kezkagarrian hazi” direla. ESK sindikatuak berriki salatu du ospitalearen murrizketa “argia” dela, eta Bidasoaldeko biztanleen osasuna “arriskuan” jartzen ari direla. Larrialdietan soilik ez, lehen mailako arretan ere gabeziak daudela gehitu du.

 Mikel Garcia / ARGIA CC BY SA
 Mikel Garcia / ARGIA CC BY SA
 Mikel Garcia / ARGIA CC BY SA
 Mikel Garcia / ARGIA CC BY SA