Montserrat Auzmendi
Jakina den bezala, Errusia da Musika Hamabostaldiko aurtengo edizioaren protagonista, eta orain arte ere izan ditugu handik etorritako artistak, orkestrak, etab. Baina atzo Kursaal Auditorioan izan genuena “pack errusiar” totala izan zen. Eta ez bakarrik orkestra, zuzendaria, bakarlaria eta aukeratutako egitaraua errusiarrak zirelako, baizik eta interpretatzeko modua, musikarien izaera, tradizio errusiar onenaren jarraitzaileak zirelako, zentzu onenean.
Orkestra malgua topatu genuen, bereziki trebatua musika melodiatsuari txinpartak ateratzeko. Mikhail Pletnev zuzendariak hogei urtez ondo hezi eta bezatu du formazioa, elkar ulertze perfektua dute haien artean eta sakonki menderatzen dute errepertorio errusiarra.
Sarrera gisa, Nikolai Golovanoven “Obertura errusiarra” eskaini ziguten. Konposizio arrunta da, festibaleroa, baina aukera eman zion orkestrari bere dohainak erakusteko: sonoritate haragiduna, soka zoragarria, ezin konpaktatuagoa, eta tutti inpaktanteak.
Beste gauza bat izan zen Txaikovskiren “Biolinerako kontzertua re maiorrean op. 35” obra ezaguna. Melodien iturria den lan hau primeran interpretatu zuen Vadim Repin biolin jole siberiarrak. Instrumentuak ez du sekreturik bakarlari honentzat. Zailtasun guztiak erraztasunez gainditu zituen eta bere kezka bakarra musika egitea izan zen biolinetik ateratzen duen soinu bero eta inguratzailearekin. Lehenengo mugimenduko kadentzia nahikoa izan zen musikariaren kalitate birtuosistikoa frogatzeko. Baina, horrez gain, interpretazio pasionatua suertatu zen, orkestraren eta bakarlariaren aldetik.
Saioaren bigarren zatian Shostakovichen “15. Sinfonia la maiorrean op. 141” entzun genuen. Lan ederra eta berezia da hau. Bere berezitasuna mugimenduen izaeran datza: lau mugimenduz osatzen da obra, bi Allegretto eta bi Adagio, eta Adagioz amaitzen da, gauza nahiko bitxia mundu sinfonikoan. Bereziki luzitu zen soka obran zehar, fintasunez aritu zirelako. Bestalde, Pletnevek jaki zuen irudikatzen sinfoniak duen ironia eta freskotasuna.
Fitxa: Errusiako Orkestra Nazionala. Zuzendaria: Mikhail Pletnev. Bakarlaria: Vadim Repin. Egitaraua: Golovanov, Txaikovski eta Shostakovichen lanak. Lekua: Kursaal Auditorioa. Data: abuztuaren 21a.
Ez dago erantzunik.
© 2009 ARGIA.eus