Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Donostiako 71. Musika Hamabostaldia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Kontzertuen kritikak

Schumann adoretsua

Montserrat Auzmendi

Egitarauaren oharretan azaltzen den bezala, Chillida-Leku zikloak aukera ematen du artea, natura eta musikaren arteko nahasketaz disfrutatzeko. Kontzertu aukeratuak, instimistak batzuetan, programatzen dira ziklo honetan. Atzo, pianoaren txanda izan zen, eta pianoaren munduan  erromantizismo pasionatuaren ordezkari paregabea den Robert Schumann konpositoreari omenaldia egin zioten Zabaleta eta Borges pianojoleek musikariaren jaiotzaren bigarren mendeurrena betetzen baita aurten.

Schumannen erromantizismoaren ikuspegia ez da erraza, eta horrexegatik da hain interesgarria. Marta Zabaletak kontzertuaren hasieran azaldu zuen bezala, musikariaren osasun egoerak (desoreka bipolarra sufritu zuen bizitza osoan) erabat markatu zuen bere obra. Barruan sentitzen zituen bi pertsonaiak –alaia eta freskoa bata, eta ilun eta pentsakorra bestea- etengabe agertzen dira pianorako egin zituen piezetan. Hori eta orkestraren sonoritatea pianora eramatea idazkera pianistiko berezi baten bidez, horra Schumannen pianorako musikaren ezaugarri nagusietako batzuk.

Bai Marta Zabaletak bai Miguel Borgesek jakin zuten kanpora ateratzen eta publikora gerturatzen musika honen barruko mamia. Ez dira piano jole bigunak musikalki hitz eginez. Cantabile ederra luzitzen dute biek eta soinu benetan biribila ateratzen dute pianotik, batez ere Martak. Baina esango genuke pasarte adoretsu eta pasionalak direla beren espezialitatea. Soinu kalitatea inoiz galdu gabe, izpiritu berezia eta nortasun izugarria ematen diete horrelako piezei.

Marta Zabaletak hasiera eman zion emanaldiari “Fantasiestücke op. 12” poliptikoarekin. Zortzi piezaz osatutako lan honetan zehar giro desberdinak irudikatzen dira eta giro horiek perfektuki kanporatu zituen Zabaletak. Azpimarratu beharko genuke azaldutako indarra eta ideia musikal garbiak “Goratzea” izeneko piezan, pedalizazio delikatu eta zehatza “Zergatik?” zatian, edo ongi markatutako azentuazioa “Fabulan”-n.

Miguel Borgesek, bere aldetik, “Kreisleriana op. 16” obraren bertsio pertsonala egin zuen. Susto txiki bat izan genuen obraren hasierako piezan, nahiko azentuazio arraroa sumatu baikenuen. Baina, handik aurrera, primeran azaldu zituen piano joleak obraren melankolia, batzuetan,  eta agitazioa, bestetan, zati batzuen izaera barnerakoia eta, aldiz, beste pasarte batzuen izaera kanporakoi eta lotsagabea.

Biek, lau eskutara, interpretatu zuten “Bilder aus Osten op. 66” izeneko obra. Bien arteko koordinazioa miresgarria izan zen uneoro, eta doitasun erritmikoa eta pedalaren erabilera zehatza izan ziren ezaugarri nagusiak.

Bis bezala, baita lau eskutara, Brahmsen pieza bat oparitu zuten. Benetako harribitxia.

Fitxa: Marta Zabaleta eta Miguel Borges (pianoak).

Egitaraua: Schumannen obrak.

Lekua: Chillida-Leku.

Data: abuztuaren 15a.



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2009 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan