Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Donostiako 71. Musika Hamabostaldia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Kontzertuen kritikak

Luxuzko Mahler-a

Montserrat Auzmendi

Vasily Petrenko

Lehenengo saioan sumatu genuen bezala, Liverpooleko Orkestra Filarmonikoak ez zigun huts egin bigarren emanaldian. Are gehiago, aurreneko egunean baino inpresio askoz hobea jaso genuen atzo. Vasily Petrenko zuzendariak badaki musikariengandik onena ateratzen, keinu zehatz eta adierazkorrei esker, eta instrumentu joleek, beren aldetik, ongi itzultzen dute Petrenkoren intsinuazio bakoitza. Holako baldintzekin, beraz, emaitzak ezin hobea izan behar du.

Kontzertuaren lehenengo zatian Chopinen “1. Kontzertua pianorako mi minorrean op. 11” jo zuten, Sa Chen bakarlari txinatarrarekin batera. Piano jole pasionatua suertatu zuen Chen andrea, soinu zinez polita duena, nahiz eta batzuetan amaneratu samarra. Erakargarria izan zen bakarlariaren eta orkestraren izaera desberdinen nahasketa. Chen piano jolearen esaldi gozo-gozoek, batzuetan erromantizismo bigunekoek, kontraste egiten zuten orkestraren laguntza sendo eta kementsu, taxuzkoarekin. Polit-polita atera zen bigarren mugimendua, “Romanza”, delikatua baina nerbioduna, eta ongi markatu zituen azentuak bakarlariak mazurka modukoa den “Rondo” azkeneko mugimenduan. Propina bat oparitu zuen pianistak, Chopinen mazurka lirain bat.

Benetako emozioa bigarren zatian aurkitu genuen. Petrenkoren Mahler-en “4. Sinfonia, sol maiorrean” obraren bertsioa antologiazkoa suertatu zen. Ikuspegi poetikoa eman zion obra handi honi, soinu inguratzailea lortu zuen uneoro, eta primeran azpimarratu zituen tema guztiak, ehundura tinbrikoak. Horrez gain, abilezia zoragarria erakutsi zuen sinfonia honek dituen tonalidade harmoniko guztietatik pasatzerakoan, leuntasunez. Bereziki deigarriak izan ziren sokarekin lortutako pianissimi sinestezinak. Laugarren mugimendua txukun atera zen, nahiz eta Simona Saturova sopranoak ez bete gure itxaropideak. Ahots polita du, bai, eta adierazkorra, baina proiekzio gutxikoa.

Fitxa: Liverpooleko Orkestra Sinfonikoa.

Zuzendaria: Vasily Petrenko.

Bakarlaria: Sa Chen (pianoa).

Egitaraua: Chopin eta Mahlerren obrak.

Lekua: Kursaal Auditorioa.

Data: abuztuaren 18a.



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2009 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan