Montserrat Auzmendi
Musikaren munduan denetarik dago: instrumentu joleak, musikariak eta benetako artistak. Elisabeth Leonskaja piano jole georgiarra azkeneko hauetako bat da, dudarik gabe. Gutxi inporta zaigu akatsen bat egiten badu, pasarte zikin samarra ateratzen bazaio. Garrantzitsuena da berak transmititzen duena: musikalitatea, obra bakoitzaren ezagutza sakona, pasarte bakoitzaren zentzua… eta hori guztia apaltasun osoz. Leonskaja ez da aurkezten “diva” bat bezala publikoaren aurrean. Musikaren mesedetan berak ematen du ahal duena (asko), opari bat bezala.
Eta benetako oparia izan zen Victoria Eugenia antzokian emandako errezitaldia. Bi konpositore erromantiko izan ziren egitarauaren protagonistak: Chopin eta Schumann, eta bakoitzari eman zion Leonskajak ukitu pertsonal bat.
Leonskajaren “Chopin-a” ez da ohikoa, ez da gozo-gozo horietako bat. Askotan esaten da gaizki ulertu izan dela Chopinen lana, edo hobeto esanda, Chopinen musikalitate erromantikoa, haren ikuspegi amaneratu samarra izan dugulako. Piano jole hau, aldiz, irudi bigun horretatik urrundu egiten da, konpositore poloniarraren musikaren kemena eta maskulinotasuna agerian uzteko.
Piano jole honen ezaugarri inportanteenetako bat da bere “cantabile” perfektua, jo zituen obra guztietan frogatu zuen bezala. Horrela, Chopinen bi polonesetan (op.26, 1. eta 2.) ongi azpimarratu zituen barruko melodiak, eta espresibitate neurtua erakutsi zuen, oso dotorea. Gauza bera esan daiteke jarraian jo zuen “Re bemol maiorreko op. 27, 2.”-ari buruz. Soinu miresgarria lortu zuen pieza magiko honetan. Errezitaldiaren lehenengo zatia amaitzeko, “Si bemol minorreko op. 35, 2. Sonata” famatua jo zuen. Arazoak izan zituen Leonskajak, bai, jauzi konplikatuak ez ziren behar den garbitasunarekin atera, baina hala ere, bertsio bikaina egin zuen georgiarrak. Soinuaren delikadezia nagusitu zen pasarte “cantabile”etan, eta benetan deigarria izan zen laugarren mugimendua, Presto, misterio hutsa bere eskuetan.
Bigarren zatian atmosferaz aldatu genuen. Schumannen bi obra aukeratu zituen Elisabeth Leonskajak. “Papillons op. 2” (ez zegoen aurreikusita egitarauan) eta “Estudio Sinfonikoak op. 13” obra erabat desberdinak dira haien artean. Lehenengoa gaztaroko lana bada, freskoa eta instraszendentea –nahiz eta melankolia puntu bat izan obra osoak-, Estudio Sinfonikoetan Schumannek pianora eraman nahi izan zuen orkestraren mundu tinbrikoa, jolearentzat horrek suposatzen duen zailtasunarekin.
Bata eta bestea primeran interpretatu zituen Leonskajak. Estudio Sinfonikoetako pasarte “inposibleak” salbatu egin zituen estiloz, eta adorea, kemena eta teknika izugarria erakutsi zituen uneoro.
Primerako artista izateaz gain, Elisabeth Leonskajak eskuzabaltasuna erakutsi zuen, hiru bis oparitu baitzituen, hirurak Chopinenak: Fantasia-Impromptu, ezin adierazkorragoa, Nokturno bat, eta, nire irakasle batek esaten zuen bezala, eszenatokiko gortinen zaporea duen 2. Scherzo-a. Benetako gozamena.
Fitxa: Elisabeth Leonskaja (pianoa). Egitaraua: Chopin eta Schumannen obrak. Lekua: Victoria Eugenia antzokia. Data: abuztuaren 10a.
Montse: Ikaragarrizko gozatua da musika klasikoa maite dugunontzat zure kritikak irakurtzea. Segi fuerte, segi kritiko.
Joxemari F. 2010-08-12 16:05:16© 2009 ARGIA.eus