Montserrat Auzmendi
Atzo eta gaur Donostian dugu Europako orkestra onenetako bat, Liverpool Filarmonikoa hain zuzen ere. Hala ere, atzoko emanaldia entzun ondoren, mota guztietako iritziak egon ziren: batzuentzat afinazio ezak, arazoak instrumentu batzuetan, etab., nabariak izan ziren; beste batzuek, ordea, oso inpresio orokor positiboa hartu zuten. Agian denok zuten arrazoi puntu bat, baina balantzaren bi aldeak baloratzerakoan, alde positiboak pisu handiagoa izan zuen, zalantzarik gabe.
Orkestra sendoa da Liverpoolekoa. Metal boteretsuak, soka gozo eta konpaktatua eta, orokorrean, soinu eder eta irmoa du formazio honek. Eta, horrez gain, malgutasunez jarraitzen du Vasily Petrenko zuzendariaren keinu bakoitza. Musikari soila da Petrenko. Atzo entzundakoaren arabera, gustatzen zaio ideia garbiak ematea publikoari. Elgarren “Cockaigne” obratik, adibidez, tinbreen distira eta melodien bultzada azpimarratu zituen, eta asmatu zuen benetan. Sofia Gubaidulinaren “Eskorpio zeinuaren eraginpean” akordeoi eta orkestrarentzako obraren ehundura ilun-ilunak eta giro larrigarria primeran azaldu zituen. Iñaki Alberdi akordeoi joleak, bere aldetik, interpretazio ona egin zuen, instrumentuaren baliabide guztiak oso ongi erabiliz.
Eta kemena eta poesia nahastu egin zituen, bakoitza %50ean, Shostakovichen “5. Sinfonia re minorrean op. 47” obra zoragarrian. Indarra eta soinu boteretsua behar zirenean nagusitu egin ziren. Baina zerbait destakatu behar bada, hori da Petrenkok obra osoari emandako zentzu poetikoa, hasieratik bukaeraraino. Zuzendari gazte honek -34 urte besterik ez du- jakin zuen ikuspegi pertsonal bat ematen hainbat aldiz entzun dugun obra honi, freskotasunez. Oso eskergarria. Gaur izango dugu beste aukera bat balorazio definitiboa emateko.
Fitxa: Liverpooleko Orkestra Filarmonikoa.
Zuzendaria: Vasily Petrenko.
Bakarlaria: Iñaki Alberdi (akordeoia).
Egitaraua: Elgar, Gubaidulina eta Shostakovichen obrak.
Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren 17a.
Ez dago erantzunik.
© 2009 ARGIA.eus