Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Donostiako 71. Musika Hamabostaldia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Kontzertuen kritikak

Hasiera erraldoia

Montserrat Auzmendi

Valery Gergiev zuzendaria

Musika Hamabostaldiaren 71. edizioa martxan jarri da atzo bertan, han eta hemen antolatutako kontzertu eta ekimen musikalekin. Baina proposamen interesagarriena Kursaal Auditorioan aurkitu genuen, Mariinsky Antzokiko Orkestra Sinfonikoaren eta Valery Gergiev zuzendari handiaren eskutik. Izan ere, orkestra garrantzitsu honek emango dituen hiru kontzertuetan lehendabizikoa da atzo entzundakoa. Beraz, aukera bat baino gehiago izango dugu taldearen bertuteak dastatzeko.

Aurtengo edizioaren leit-motiv-a Errusia izanda (bere musika, konpositoreak eta interpreteak), atzoko abiapuntuak ongietorri ezin hobea eman zigun entzuleei, benetako bainu errusiarra jaso baikenuen, eta, gainera, kalitatezkoa, hori da garrantzitsuena.

Kontzertu berberean gutxitan entzun daitezkeen Stravinskyren hiru balletak gozatu genituen aitzakiarik gabe. Lehenengo zatian, “Suzko txoria”-ren interpretazio ederra eskaini zuten errusiarrek. Azpimarragarria izan zen, batez ere, delikadezia eta garbitasuna motibo guztiak azaltzerakoan, soinuaren belusezko ehundura eta egurraren soinu biribila. Bestalde, gaitasun harrigarria azaldu zuten bai orkestrak bai zuzendariak kontraste markatu eta ederrak egiteko. Zati lasaiak gozoak baziren, zati indartsuetan giro basati eta inkietantea lortu zuten.

Bigarren zatian zirkuko giroan kokatutako “Petrouxka” balleta entzun genuen. Interpretazio distiratsu eta freskoa egin zuen orkestrak. Obraren lau koadroen artean, laugarrena azpimarratuko genuke, pasarte sutsuak indar bereziaz iritsi zitzaizkigulako. Metalezko instrumentuen interpretazioa, bikaina izan zen, bestalde.

Eta amaitzeko, deabrukeriaz jositako “Udaberriaren sagaratzea” interpretatu zuten errusiarrek. Gergievek frogatu zuen bere maisutasuna lan honen erritmika berezi eta konplikatua ezin hobeki azalduz. Harmonia garratzek eta joko tonalek ez zuten sekreturik izan orkestra boteretsu eta orekatu honentzat, dudarik gabe.

Hiru ordu iraun zuen kontzertu erraldoi honek, baina, hala ere, eskuzabaltasuna adieraziz, propina eder bat eman zuten Mariinskykoek. Stravinskyren maisua izandako Anatoli Liadoven pieza bat jo zuten, koloretsua.

Fitxa: Mariinsky Antzokiko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Valery Gergiev. Egitaraua: Stravinskyren Suzko Txoria, Petrouxka eta Udaberriaren Sagaratzea. Lekua: Kursaal Auditorioa. Data: Abuztuaren 7a.



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2009 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan