Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Donostiako 71. Musika Hamabostaldia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Kontzertuen kritikak

Eta amaitzeko

Montserrat Auzmendi

Donostian behin baino gehiagotan bisita egin digun Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionala izan genuen Kursaalen, agur esateko aurtengo Musika Hamabostaldiko edizioari. Errusia izan da aurtengo leit-motiv-a, eta, noski, bukaerako emanaldi honetan berriz protagonista izan zen musika arloan hainbeste edertasun eman dituen herrialde hau.

Tugan Sokhiev-ek, orkestra honetako zuzendari titularrak, bere 33 urterekin erakutsi zuen nola denbora gutxian (2008an izendatu zuten zuzendaria) menderatu daitekeen horrelako formazio bat eta estilo eta soinu berezi bat eman. Azpimarragarria izan zen sokaren leuntasuna eta malgutasuna zuzendariaren edozein iradokizun gauzatzeko. Bestalde, metal orekatu eta distiratsuak ditu orkestra honek.

Lehenengo zatian, Prokofieven “Alexander Nevsky op. 78” kantata (Eisensteinen “Alexander Nevsky” pelikularentzat konpositore honek egindako soinu-bandan oinarritua) benetako gozamena izan zen, arrazoi askorengatik. Horietako bat Ewa Podles kontraltoaren parte hartzea izan zen. Orain dela egun gutxi entzun genuen Victoria Eugenia antzokian abeslari izugarri honen errezitaldia eta txundituta utzi gintuen. Sentsazio bera izan genuen aldi honetan. Sakontasuna eman zion “Alexander Nevskyren kantua” zatiari. Beti bezala, ez zuen ipini kalitate bokala bakarrik, baizik eta interpretazio sinesgarria ere bai. Bestalde, Sokhievek jakin zuen indar epikoa ematen egindako bertsioari. Bereziki ederra atera zen “Izotzaren gaineko bataila” non tutti ikaragarriak orekatuak atera ziren. Donostiako Orfeoiak, bere aldetik, txukuntasunez egin zuen bere lana.

Bigarren zatian baita ere kutsu epikoa duen Tchaikovskyren “5. Sinfonia mi minorrean op. 64” famatua entzun genuen. Hasierako Adagio-Allegro con anima-tik bukaerako Andante maestoso-Allegro vivace-raino interpretazio burutsu eta koloretsua egin zuen Sokhievek, zamarik gabea. Bi propina oparitu zituzten Toulousekoek, biak Tchaikovskyrenak. Ederrak.

Fitxa: Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionala. Zuzendaria: Tugan Sokhiev. Bakarlaria: Ewa Podles (kontraltoa). Donostiako Orfeoia. Zuzendaria: J.A. Sáinz Alfaro. Egitaraua: Prokofiev eta Tchaikovskyren obrak. Lekua: Kursaal Auditorioa. Data: irailaren 3a.



Erantzunak

Aupa Montse! Gozatua izan da aurten ere zure kritikak irakurtzea. Datorren urtera arte!

JF 2010-09-06 12:02:14

© 2009 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan