Montserrat Auzmendi
Garbi dago Errusiako Orkestra Nazionalak eta Mikhail Pletnevek musika errusiarraren estilo ia-ia guztietatik zerbait erakutsi nahi zigutela Donostian egindako kontzertu pare honetan. Bigarren saioan XIX. mendetik XX. menderako trantsizioan konposatutako estilo ezberdinak dastatu genituen Kursaal Auditorioan, emaitza distiratsuarekin, nahiz eta fintasunik ez izan une askotan.
Rimsky-Korsakoven orkestrazio deigarri, distiratsu eta zalapartatsuak batzuetan ezin hobeki egokitzen dira orkestra honen izaerari. Benetan gustura sumatu genituen musikariak eta batez ere zuzendaria Rimskyren estilo arranditsuarekin. “Elurrezko dontzeila”-ren suitearen ñabardura tinbrikoak primeran azaldu zituen orkestrak eta bizi-bizi aritu ziren musikaren intentsitatea publikoarengana gerturarazteko. Une delikatuak ditu “Kitezh hiri ikusezina” suiteak, non soinu irudi onomatopeikoak garrantzitsuak diren eta ongi azpimarratu zituen Pletnevek, maisutasunez. “Saltan tsar-a” suitean, aldiz, azpimarragarria izan zen egurraren lana. Hala ere, orokorrean, kontzertuaren lehenengo zati hau nahiko axalekoa iruditu zitzaigun.
Bigarren zatian, 1913an San Petersburgon estreinatutako Sergei Rachmaninoven “Kanpaiak op. 35” entzun genuen. Interpretazioaren efektu orokorra ona izan arren, esan behar da orfeoia sendo aritu zela (batez ere “Alarma kanpai zaratatsuak” hirugarren zatian) baina ñabardura handirik gabe. Bakarlariekin ez zen arazorik egon. Ekaterina Scherbachenko sopranoak ahots bero eta biribila erakutsi zuen, mezzoaren ikutuekin. Vasily Layuk baritonoak taxuz egin zuen bere papera, eta agian eskasena Georgy Vassiliev tenorra izan zen. Ahots pittin bat sudurrekoa du abeslari honek eta bere proiekzioa ez zen guztiz egokia.
Ez zuten propinarik eman errusiarrek. Agian, nekatuta.
Fitxa: Errusiako Orkestra Nazionala. Zuzendaria: Mikhail Pletnev. Donostiako Orfeoia. Zuzendaria: J.A. Sáinz Alfaro. Bakarlariak: Ekaterina Scherbachenko (sopranoa), Georgy Vassiliev (tenorra), Vasily Ladyuk (baritonoa). Egitaraua: Rimsky-Korsakov eta Rachmaninoven obrak. Lekua: Kursaal Auditorioa. Data: abuztuaren 22a.
Ez dago erantzunik.
© 2009 ARGIA.eus