Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Donostiako 71. Musika Hamabostaldia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Kontzertuen kritikak

Erromantizismo hutsa

Montserrat Auzmendi

Amaitu da Mariinsky Antzokikoen eta Valery Gergieven “pazko-hirurrena”, bertute eta kalitate musikalez josia, dudarik gabe. Lehenengo eta bigarren kontzertuak handiak izan baziren, zentzu guztietan, hirugarrena ere ez zen motz geratu. Sinfonia erromantiko enblematiko bat aukeratu zuten eta publikoak, berriz ere, gozatu zuen.

Berliozen “Romeo eta Julieta op. 17” obra ederra eta aldi berean berezia da, sinfonia eta operaren arteko nahasketa moduko bat delako. Saio honetan, lan hau aitzakia perfektua izan zen errusiarrentzat orkestraren familia guztien egoera osasuntsua azaltzeko. Egur gozoa luzitu zen hainbat pasartetan, adibidez, “Kontzertu eta dantza” izeneko zatian, non oboe zoragarria entzun genuen. Bestalde, soka doi-doia eta dotorea iritsi zitzaigun beste pasarte batzuetan, “Mab erregina edo ametsen maitagarria”n, esaterako. Eta Gergievek, aurreko emanaldietan bezala, nahi zuena egin zuen taldearekin, bere zuzentzeko era ezin adierazkorragoari esker.

Bakarlariak txukun aritu ziren. Ekaterina Semenchuk mezzoak txukuntasuna baino gehiago lortu zuen, zalantzarik gabe. Ahots borobila eta fraseatze dotorea azaldu zuen obraren sarreran. Dmitry Voropaev tenorrak, berriz, tinbre atsegina erakutsi zuen eta estiloz abestu zuen bere zati txikia. Aktuazio luzeagoa izan zuen Evgeny Nikitin baritonoak Finale zatian. Modu komentzigarriz aritu zen, nahiz eta, nota baxuetan, afinazio arazo txiki batzuk izan.

Donostiako Orfeoiak luzimendu gehiago izan zuen pasarte boteretsuetan delikatuetan baino. Obraren sarreran, adibidez, enpaste pittin bat falta izan zitzaion. Hala ere, esan bezala, Finaleko zati kontundentean, hain ezagunak diren beren kualitateak erakutsi zituzten.

Fitxa: Mariinsky Antzokiko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Valery Gergiev. Bakarlariak: Dmitry Voropaev (tenorra), Evgeny Nikitin (baritonoa), eta Ekaterina Semenchuk (mezzoa). Egitarua: Hector Berliozen “Romeo eta Julieta op. 17”. Lekua: Kursaal Auditorioa. Data: Abuztuaren 9a.



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2009 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan