Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Donostiako 71. Musika Hamabostaldia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Kontzertuen kritikak

Edertasun soila

Montserrat Auzmendi

Louis XIV errege frantziarra eta Maria Teresa Austriakoa, Espainiako Felipe IV.aren alaba, Donibane Lohitzunen ezkondu ziren 1660ko ekainaren 9an, Pirineoen Tratatua sinatu eta gero. Beraz, ezkontza horren 350. urteurrena nolabait ospatzeko, edo gutxienez efemeride hori gogora ekartzeko, kontzertu batzuk antolatu dira Iparraldean. Horien artean oso interesgarria suertatu zen Conductus Ensemble taldeak emandakoa Urruñako elizan.

Talde orekatu batekin topatu ginen, dudarik gabe. Ahotsak eta garaiko instrumentuak urtu egin ziren arazorik gabe eta elizako akustika paregabea izan zen kontzertuaz disfrutatzeko. “Huts egindako harreman baten kronika” izeneko egitaraua konpositore ezberdinen lanez osatutako meza moduko bat izan zen.

Organoak izan zuen protagonismoa hainbat pasartetan, hala nola, hasierako Henry du Mont-en “Pavanne”, Louis Couperin-en “Fantasie”, edo François Roberdayren “Fugue première et caprice sur le même sujet” piezetan. Artikulazio doia eta ideia musikal garbiak erakutsi zituen Sébastien Wonner organo joleak

Interesgarriak izan ziren baita ere ahots taldearen numeroak. Palestrinaren “Assumpta est Maria” izeneko antifona eta motetean apreziatu genuen ahotsen biribiltasuna eta oreka. Gauza bera esan dezakegu pasarte instrumentalei buruz. Hiru biolin, bi flauta, fagot, klabe eta txeloz osatutako taldea txukun aritu zen uneoro. Bereziki adoretsu entzun genuen Charpentierren “Domine salvum fac regem” piezan, adibidez.

Baina pasarte interesagarrienak eta espektakularrenak, zalantzarik gabe, talde osokoak izan ziren. Andoni Sierra zuzendariak jakin zuen distira ateratzen tuttiei. Lullyren “Sanctus”, Charpentierren “Gloria” eta batez ere bukaerako Michel Richard de Lalanderen “Regina caeli” pasarteak biziak eta izpirituz beterikoak atera ziren.

Azpimarratu behar dugu baita ere Miren Urbieta sopranoaren aktuazioa. Bai Lalanderen “Tu ad liberandum” kantan, bai konpositore beraren “Panis angelicus” zati gozoan, ahots ederra eta oso ongi emititua erakutsi zuen, eta izugarrizko sentsibilitate musikala ere bai.

Fitxa: Conductus Ensemble. Zuzendaria: Andoni Sierra. Bakarlariak: Agnieszka Grzywacz, Katharine Hawnt eta Miren Urbieta (sopranoak); Gabriel Díaz eta Dorothee Merkel (kontraltoak); Iñigo Casalí eta José Pizarro (tenorrak); Jesús García Aréjula eta Bart Vandewege (baxuak), Sébastien Wonner (organoa eta klabea). Lekua: Urruñako Saint Vincent elizan. Data: abuztuaren 13a.



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2009 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan