Montserrat Auzmendi
Ez da oso ohikoa musikari batengan teknika izugarria eta musikalitate aparta, gustu onekoa, bateratua bilatzea. Eta koalitate hauek edukitzea 25 urterekin ia-ia zientzia fikziozko zeozer dela ematen du. Baina ez, badakigu posible dela, atzo bertan Victoria Eugenia antzokian holako kasu bat topatu genuelako. Rafal Blechacz piano jole poloniarrak 2005ean Varsoviako Frédéric Chopin Nazioarteko Piano Lehiaketan sari guztiak irabazi zituen, eta, egia esan, konpas batzuk entzun eta gero konturatu ginen ondo merezita zituela.
Lehenengo sorpresa Karol Szymanowskiren obren interpretazioa izan zen. Musika konplexua da Szymanowskirena. Kontzertua ireki zuen obrak, “Preludio eta fuga do sostenido minorrean”, heldutasuna behar du interpretearengandik, baina Blechaczek jakin zuen mamia ateratzen, batez ere fugatik. Konpositore beraren “Sonata do minorrean, op. 8, 1.” ere, kutsu guztiz erromantikoa duena, eta zailtasunez josia, aise jo zuen bakarlariak.
Debussyren “Irla alaia”k ez zuen aitzakiarik izan soinu aldetik, oso garbia, edo teknika aldetik, baina hor bai, piano joleak ez zuen jakin tenpoaren malgutasunarekin jokatzen. Pena.
Hori bai, bigarren zatian egindako Chopinen intepretazioak benetako gozamena izan ziren. Soinu ederra eta fraseaketa malgua parra-parra oparitu zituen musikariak aurreneko bi polonesetan. Jarraian, 4 mazurka zoragarri jo zituen. Benetan dantzari eta freskoak entzun genituen, inongo amaneramendurik gabe. Eta bukatzeko, “Balada sol minorrean op. 23, 1.” antologiazkoa disfrutatu genuen, ameslaria, gozoa, baina amorratua behar zenean. Bi propina eman zituen, motz eta distiratsuak, behar bezala.
Fitxa: Rafal Blechacz (pianoa). Egitaraua: Szymanowski, Debussy eta Chopinen obrak. Lekua: Victoria Eugenia Antzokia. Data: abuztuaren 27a.
Ez dago erantzunik.
© 2009 ARGIA.eus