Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Donostiako 71. Musika Hamabostaldia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Kontzertuen kritikak

Chamayou akatsgabea

Montserrat Auzmendi

Instrumentu jole gazteek ausardia gehiagoz aukeratzen dituzte beren egitarauak. Oraindik ez dute frogatu (edo hala pentsatzen dute) noraino iristen diren beren gaitasunak, beren dohainak. Izar konsakratuak, ordea, akrobazia musikalak egin ondoren, erosotasunean finkatzen dira normalean, arrisku gutxi hartuz. Bertrand Chamayou piano jole gaztea -29 urte dauzka- oraindik lehenengo urteetako ilusiozko garaian dabil, nahiz eta kalitatea sobran eduki gaur egungo piano jole onenetako bat kontsideratua izateko. Egitarau zaila, benetan zaila, aukeratu zuen, ikuspuntu teknikotik. Bestalde, jo zituen obra gehienak ez ziren txalo izugarriak lortzen dituzten horietakoak oso aditua ez den publikoarengandik.

Musikari fina da Chamayou. Dotoreziaz eramaten du diskurtso musikala, nabarmenkeriarik gabe. Bere kezka da konpositore bakoitzaren ideia publikoaren aurrean azaltzea, apaltasunez, eta hori eskertzekoa da. Horrez gain, teknika akatsgabea du piano joleak, eta abilezia horri esker errepertorioko obra zailenak munduko gauza errazena izango balitz bezala jo ditzake.

Franz Liszten “Pelegrinazio urteak” obratik “Suitza” bolumena aukeratu zuen Chamayouk errezitaldiari hasiera emateko. Bolumen honetako pieza bakoitzak (bederatzi dira) izan zuen ñabardura egokia. Piano jolearen soinua ezin ederrago luzitu zen “Wallenstadt lakua”, “Iturriaren ondean” edo “Genevako kanpaiak” piezetan. Bestalde, aho zabalik utzi gintuen oktaben teknika perfektua erakutsiz “Ekaitza” pasartean. Eta zentzu epiko eta poetikoa ez zaiola batere falta frogatu zuen  “Guillermo Tellen kapera”-n eta batez ere “Obermann harana” zoragarrian.

Saioaren bigarren zatia ez zen atzean geratu. César Franck konpositore belgikarraren “Preludio, Koral eta Fuga” lan serio eta konplexua da, baina Chamayouren eskuetan argi eta garbi azaldu ziren tema eta esaldi guztiak, naturaltasunez. Korala primeran atera zen, musikaltasunez beterikoa, eta fuga doi-doia entzun genuen. Kontzertua amaitu zen Saint-Saënsen pieza pare batekin: “Monasterioko kanpaiak”, ezin delikatuagoa, eta “Bals moduko estudioa op. 52, 6.”, oso-oso zaila teknikoki eta oso distiratsua. Publikoa zoratu egin zen azkeneko pieza honekin.

Bis bezala, Lisztek moldatutako Chopinen Nokturno bat oparitu zigun Toulousekoak. Benetako gozamena.

Fitxa: Bertrand Chamayou (pianoa).

Egitaraua: Liszt, Franck eta Saint-Saënsen obrak.

Lekua: Miarritzeko Kasinoa.

Data: abuztuaren 16a



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2009 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan