Montserrat Auzmendi
Victoria Euigenia Antzokiko zikloarekin jarraituz, harribitxi batekin topo egin genuen atzo. Musika korala ez da erraza; hainbeste ahots (30 kasu honetan), bakoitza bere nortasunarekin, bateratzea soinu purua lortzeko eta zuzendariaren ideia musikala emateko, ez da lan makala. Baina Smolnyko Katedraleko Koruaren kasuan, musikaltasuna abeslari bakoitzaren DNA-n sartuta egongo balitz bezala ateratzen zen.
Lehenengo momentutik garbi izan genuen San Petersburgotik etorritako taldea ez zela edonolakoa. Pavel Tchesnokoven lau abesti ederrekin hasi zen emanaldia. Eta abesti bakoitzean bakarlari bat luzitu zen, zein baino zein hobea. “Aingeruak negar egin zuen” kantan, soprano ahots argiduna izan zen protagonista. “Gizona zaurituta dago” eresian, aldiz, baxu zoragarria entzun genuen, tradizio errusiarraren jarraitzailea. “Nire otoitzak errealitate bihurtuko dira” aitzakia aparta izan zen Eugenia Podymalkina kontraltoaren ahots biribil eta sakonaz disfrutatzeko. Eta “Jaungoikoa gurekin dago” kantan Boris Stepanov tenorrak tinbre ederreko ahotsa erakutsi zigun.
Jarraian Rachmaninoven “Bezperak op. 37” abestu zuten. Dotorezia fraseaketan, enpaste izugarria ahotsen artean eta ñabarduren aniztasuna parra-parra eskaini zituzten errusiarrek. Azpimarratu beharko genuke “Ave Maria” pasartean lortutako giro misteriotsua eta pianissimi perfektuak, “Hexasalmo” zatian egindako ahots joko zoragarriak edo bukaerako “Jaungoikoaren amari alabantza”-n erakutsitako irmotasuna.
Hiru bis oparitu zituzten, hirurak ederrak, baina haien artean bereziki gustatu zitzaion publikoari Rolling Stones-en “Angie”-ren bertsio bitxia, oso polita, non soprano bakarlariak protagonismoa izan zuen.
Fitxa: Smolnyko Katedraleko Korua. Zuzendaria: Vladimir Begletsov. Egitaraua: Tchesnokov eta Rachmaninoven obrak. Lekua: Victoria Eugenia Antzokia. Data: Abuztuaren 11a.
Ez dago erantzunik.
© 2009 ARGIA.eus