Zer da Hizki Pizti?

Alfabetatze prozesua errazteko eta jolasaren bidez garatzeko material pedagogikoa, Euskal Herriko faunaren ezagutza lantzearekin batera. Eta hizkien ahozkotasuna lantzeko, ikusi beheko bideoak, karta bakoitzari lotutako ipuin, kanta, olerki, bertso, kontakizun, aho-korapilo eta abarrekin.

Bai ikaskuntza-irakaskuntzan, bai etxeetan erabili daitekeen materiala duzu hau, modu ludikoan haurrak bizitzako gauzarik garrantzitsuenetakoa landu eta garatu dezan: irakurketa eta idazketa.

Abentura zirraragarri horretan lagungarri, haurrentzako erakargarria eta bizia izateko asmoz sortu dugu honako baliabide pedagogiko hau: alfabetoko hizkiak irudikatzen dituzten kartak ditu protagonista.

Ez dira, baina, edozein hizki eta irudi, sortu ditugunak. Karta bakoitzak, hizki bakoitzak eta hortaz soinu bakoitzak Euskal Herriko animalia bat irudikatzen du. Natura eta kultura uztartuz, gure bio-kultura anitzaren berri jasoko dute haurrek.

Hizki Pizti kaxa barruan aurkituko dituzu:

  • Karta handiak: Hizkia aurkezteko diseinatuak (larriz eta xehez), animaliaren irudiari eta haren izenari lotuta.
  • Karta txikiak: Umeek manipulatu, erabiltzeko eta jolasen bidez hitzak osatzen joateko aproposak.
  • Laburpen-karta: Karta handi batean, animalia guztien irudiak, izenak, dagozkien hizkiak eta deskribapena, kontsultarako.
  • Posterra: Karta handietako animalia guztien bilduma da, dagozkien hizkien aldamenean.
  • Baliabide multimedia: Kanal hau sortu dugu interneten, eta hizkien ahozkotasuna lantzeko, karta bakoitzari lotutako ipuin, kanta, olerki, bertso, kontakizun, aho-korapilo, esamolde eta antzerakoen ikus-entzunezkoak zintzilikatu ditugu. Gaiari lotutako materiala igotzen joango gara, pixkanaka.
  • Liburuxka eta jolasak: Kaxa barruan gehitu dugun liburuxkan, azalpen guztiak emateaz gain, hainbat jolas proposatzen ditugu, karta txikien bidez irakurketa eta idazketa lantzeko. Memoria, azkartasuna, arreta, irudimena, analisia, kooperazioa, hiztegia… garatzeko ere balio dute jolasek.

Material pedagogiko hau egiteaz arduratu dira: Eñaut Aiartzaguena, Amaia Egidazu, Iñaki Sanz-Azkue eta Lore Erriondo.