Eider Rodriguez, idazlea
Hauteskundeak pasata, zenbakien fribolizazio garaia dator. Telebista saio bereziak, egunkari gizenak, monografikoak, zenbakien interpretazioa, azalpena, zuriketa, aldarria, ezkutaketa… Betikoa.
Hauteskundeek eta futbol ligak antza handia dute: norgehiagoka amaitutakoan, guztiak jarraitzen du bezperan legez. Baita Reala bigarren mailara jaitsita ere, oroitzen zarete? Zertan da iragartzen zen hekatonbea? Guztiak jarraitzen du berdin: zaleak zale izaten segitzen du, eta arerioak arerio. Finean, golak eta bozak gorabehera, sistemak, urradurarik txikiena ere ez du nabarituko. Euskal Herriaren –eta Europaren– ezaugarri politikorik gaiztoena, izan ere, gauzak errotik aldatzeko ezintasuna da: ez du askorik axola botoa nori eman, beti berberek agintzen baitute, alegia: beraiek! Norbaitek esan zuen bezala: berdin dio zer gertatzen den, beti irabazten du Real Madrilek.
Ezker abertzaleak historikoki izan du harreman zaila hauteskundeekin, seguruenik, lehendik aipatutako ezintasunak, parte-hartzea antzu bilakatzen duelako. Beldurgarriagoa dena: egoera betikotu egiten du, parte-hartze hutsak zilegitasuna ematen baitie hauteskundeei. Guzti-guztiok geure hautetsiak zakur lasterketa honetan abian jartzerik badugu, zertaz kexu egin? Ze aurpegi klase jarri behar dugu gero, hauteskunde hauek “ez direla geureak” esaterako orduan? Hobe, honenbestez, lasterketa hasi aurretik lasterketaren legeak salatu, eta Ezker Abertzaleak parte hartzeari uko egingo balio. Alta, independentziaren aldeko mugimendu politikoak zakur lasterketa horretan korritzea hobetsi du azken urteotan… lasterketatik kanporatua izan den arte. “Eta ez gero zaunkarik egin! Badakizue lasterketa zein araudia geureak direla!”.
Eta orain zer?
Hainbeste urteren ondoren, zer? EAJri boza ematen zioten askok, PSOEri eman diote. Azken finean, guztiak berdin jarraituko badu, jatorrizkoa eta kopiaren artean hautatu behar bada, hobe lehenengoarekin gelditu. Erakargarriagoa da-eta irabazleari botoa eman eta hauteskunde festan zer ospatua izatea. Turutak eta serpentinak Cibelesi begira jarri behar badira ere.
Ez dago erantzunik.
© 2008 ARGIA.com