Ainhoa Aznarez, PSNko kidea Iruñeko Udalean
Nahiz eta ETAk bere azken atentatuarekin hauteskunde orokorrak baldintzatu nahi izan, demokrata garen guztiok gure bozekin bakean uzteko ozenki esan diogu. Sandra Carrascok bidalitako mezua geureganatu eta erantzukizunez jokatu dugu. Ezin zen bestelakorik egin.
Aurre-kanpainan eta kanpainan ere ikusi izan dugu alderdi sozialistak sostengu handiagoa jaso duela baita telebistetan eginiko aurrez aurrekoetan ere. Ondorioz, hautesleen artean sostengu zabalagoa jaso du Rodríguez Zapaterok atzo ospatutako hauteskundeetan.
Baina alderdi sozialistak ez ditu hauteskundeak azken hamabost egun hauetan irabazi. Azken lau urteotan eginiko lanek emaitza positiboa eman diote PSOEri. Ez dugu ahaztu behar, Rodríguez Zapateroren lehen ekintza Iraketik tropak ekartzea izan zela, gerra ilegal hartatik urruntzeko.
Bestalde, emakumeon legealdia izan da: emakumearen kontrako indarkeriaren legea, berdintasunaren legea, jaioberrientzat dirulaguntzak, eta abar.
Baina Rodríguez Zapaterok gazteentzat ere politikak egin ditu baita gure nagusientzat ere. Hori guztia, aurrean alderdi popularrak egindako oposizio zikinarekin. Martxoaren 9ko gauetik jakingo du Rajoyk horrelako jokaerek ez dituztela Moncloako ateak irekitzen, biztanleria bizikidetzaren alde dagoelako krispazioaren alde egon beharrean. Gauza bera ERC, EAJ eta gainontzeko alderdi abertzaleei: azken emaitzek gogoetaren bat egitera eraman beharko ditu. Sektarismoak eta estatuari botatzen zaizkien erronkek ez dakarte irtenbiderik, Kongresuan dituzten eserlekuak galtzera eraman baititu.
Ez dago erantzunik.
© 2008 ARGIA.com