Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraZuberoaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Zuberoa Maule-Ospitale-Pia-Eskiula-Atharratze

MAULE

Maule-Lextarre Zuberoa xarmangarriaren hiriburua da, Euskal Herriko ekialdeko hiriburutxo atsegina. Muinoz inguratua, Uhaitzandi ibaiak zeharkatua, bere gaztelu zaharrak dominatua, hiri txiki eta lasai honek zuberotarren pertsona, etxe eta inguruetako izaera berezia islatzen du.

HISTORIA

Berari buruzko lehenengo berriak XI. mende hasierakoak dira, Akitaniako Bizkonderriaren menpe bizi zenean, baina izena erromatarren garaitik datorrela diotenak ere badira. Gaurko izenarekin ofizialki XII. mendean fundatu ostean, Akitaniako Dukearen, ingelesen eta Gaston IV.aren menpe bizi izan zen, hiriak 1469an askatasuna lortu arte.

Une horretatik Frantziako Iraultzara arte foru propio batekin biziko zen, Zuberoako jurisdikzioan parte hartu gabe. Tartean Matalas iraultzaile eta abertzalearen matxinada Frantziako Monarkiaren aurka, hiriaren suntsipena eta Matalas beraren exekuzioa ezagutu zituen (1661). Historikoki Maule burges, kapitalista eta protestanteen gordeleku ere izanda da.

IKUSTEKOAK

Hiria bisitatzeko abiapunturik onena erdi-erdian dagoen itzelezko pilotaleku-enparantza da. Plaza honetan hiriko eraikinik garrantzitsuenak ditugu ikusgai.

Iparraldean, Xiberoko Botza irrati euskaldunaren lokala dugu, eta pixka bat honantzago Turismo Bulegoa. Lauki zuzenaren hegoaldean XVIII. mendeko Herriko Etxe (antzinako Montreal Hotela) dotore eta bere gaineko (atzeko mendian) Gazteluaren ikuspegi ederra.

Azkenik, lauki zuzenaren azken aldean Andurain-Mayte Jauregi galanta dugu. Zuberoako jauretxerik ederrenetakoa den hau XVII. mendean eraiki zen, Olorongo Apezpiku eta Kontraerreformaren gidarietako bat izan zen Arnaud Maite zuberotarraren aginduz. Berpizkundeko aurrealdearen barruan Harrera gela, Apezpikuaren Gela, urteotako liburuak dituen Liburutegia eta Teilatondo daude. Bisitak: uztailak 1-irailak 20, 11:00-12:00 eta 15:00-18:00 artean, ostegun, igande eta jaiegun goizetan ezik. Sarrera helduentzat 25 libera, umeentzat 12 libera.

Plazaldea ikusi ostean, Pasteur Zubitik Uhaitzandi ibaia igaroko dugu. Ibai honen ikuspegi ederrago bat ikusi nahi baduzue hartu ezkerrera Victor Hugo merkatal karrika, hurrengo parke-zubiraino. Hemen Agustin Xaho karrikatik Azoka Plazaraino (Place du March-) igo gaitezke. Erdi Aroko Hiriaren erdian gaude, gorago dagoen Andra Mariren eliza trinitariak menperatuta.

Eliza hau Gaztelutik oso gertu dugu. Gotorleku hau Zuberoako Bizkondearena izan zen, baina bere kokapen estrategikoagatik ejertzito askok menpean eduki nahi izan dute. 1642an suntsitu eta geroago berreraikia, bere egitura XIV.-XV.ekoa da, eta bertatik Maule hiriko eta inguruko ikustaldi izugarriaz goza dezakegu. Zabalik: maiatzaren 1etik ekainaren 15a arte asteburuetan; hortik irailak 15a arte egunero, 11:00-12:30 eta 15:00-19:00 ordutegietan. Irailaren bigarren erdian asteburuetan ere bai. Sarrera helduentzat eta gaztetxoentzat 15 libera.

Azkenik, Mauleko bisitaldia bukatzeko, berriz ere ibairaino jaitsi eta oraingoan beste aldera eginez (ezkerrera), Berrauteko Kapera eta Hilerrira iritsi gaitezke. Eraikin erlijioso hau XI. mendean altxatutakoa da, Santiago Bideko erromesek hala eskaturik.

Herrialdea:
Altitudea:
Biztanleak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Zuberoa
141 m.
3.633
13 km2
284 bizt./km2
Herriko jaiak (Uztailak 14-18)

 

 

 

ATHARRATZE

Atharratze-Sorholüze Zuberoako bigarren merkatal gunerik garrantzitsuena da, bere kokapen estrategikoa aprobetxatuz. Horrela, Zuberoako zentroan egoteak probintzia miragarri honetan zehar egin daitezkeen txango ugarietarako abiagune aproposa bihurtzen du.

XII. mendean Atharratze gotorlekua zen, eta Erdi Aroan bertako jauntxoa Ingalaterrako erregearen alde azaldu zen, Zuberoako Bizkondea errefusatuz. 1859. urtean Sorholüzeri bildu zitzaion. Bertako pertsonaien artean Agustin Xaho (1811-1858) iraultzaile eta idazle abertzale ospetsua aipatu behar dugu.

IKUSTEKOAK

Erdialdeko enparantzaren egiturak Zuberoako Bizkondeak 1289an eraiki zuen antzinako bastidaren (antzinako gotorleku-herriak) planoei dagokie. Plazaren inguruan arkupeen gainean eraikitako etxeak ditugu, osotasun atseginean. Hementxe daude jatetxe, denda, hotel eta gainerako gehienak. Gaur egun Hotel Trinquet dago Agustin Xaho jaio zeneko etxean.

Uhaitzandi ibairantz jaitsiz pasealeku bat hasten da, azken zubirantz. Hemendik mendixka batean dagoen Santa Luzia elizaraino igo gaitezke, eskailera batzuetatik.

 
Herrialdea:
Maulera:
Altitudea:
Biztanleak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Zuberoa
13 km.
217 m.
704
15 km2
47 bizt./km2
Herriko Jaiak (abuztuak 21-24)
Gaztaren Azoka (abuztuan)

 

 

 

MADALENA MENDIA

Atharratzeko erdialdetik Zuberoan dagoen ikuspegi ederrenetakoak dituen mendira igoko gara kotxez. Gailur pribilejiatu honek Zuberoako haran zoragarriak eta Pirinioetako zati handia ezin distiratsuago behatzea ahalbidetuko digu.

Tontorrean bertan baseliza bat dago, dirudienez, antzinako tenplu pagano eta gero erromatar baten gainean eraikia. Horrela, aldare nagusiaren ondoan III. mendeko beste aldare bat dugu.

Orrialde nagusiraZuberoaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403