Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraZuberoako haizpitarteakNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Zuberoako haizpitarteak Aharratze-Kakueta-Santa Grazi-Holtzarte-Larrañe-Irati

ATHARRATZEKO ENPARANTZATIK hegoalderantz abiatuko gara, eta 6. eta 7. kilometro inguruan Atherei eta Ligi auzoak pasatuko ditugu, bata bestearen atzetik. Biek batera, Ligi-Atherei udalerria osatzen dute. Herria kokatuta dagoen harana ur azkarrek zeharkatzen dute, eta ezaugarri horrek egokia bihurtzen du kanoan ibili edo amuarrainak harrapatzeko.

Hiru km geroago errotonda bat aurkituko dugu. Oraingoan ezkerrerantz joko dugu, Santa Grazirako bidean, nahiz eta gero itzultzean hemendik bertatik Larrañera hartuko dugun.

PIRINIOETAKO ZINTZURRAK Hemendik aurrera, Pirinioetara gerturatu ahala, paisaia gero eta ederragoa bihurtuko zaigu, eta zenbait lekutan mendi eta errekatxoek “postalak” sortuko dituzte.

Lauzpabost km-tara Santa Graziko Ezpondaburu auzoa zeharkatuko dugu, lehenbizikoa, herri hau zenbait gunetan sakabanaturik baitago. Handik gutxira, Herriko Etxea eta eskola ikusiko ditugu, dagoeneko Caserne auzunean.

Beste 4 km egin eta Kakuetako aparkalekuetara ailegatuko gara. Sarrera eta ibilbide osoa edonork egiteko moduan prestatuak daude (nahi bada segurtasunezko kaskoa ere har daiteke), eta beraz ez dago bertara ez sartzeko aitzakiarik. Gure herria ezagutzeko ezinbesteko geldialdia dugu.

Geroxeago, Santa Graziko erdigunea edo, behintzat, etxe-multzorik handiena topatuko dugu, baina gure helmuga elizaldea denez, beste kilometro batez aurrera jarraituko dugu. Azkenik, tenplua bera eta bere inguruko etxeek osatzen duten Santa Graziko elizaldetxo pintoreskoan aurkituko gara.

Hemendik, nahi izanez gero, Gite d´etape edo aterpetxean bideari buruzko informazioa jaso ondoren Ehujarreko arroilera abiatu gaitezke oinez. Haizpitarte harrigarri honetako hormak alde batzuetan 400 metroko altuerara iristen direla esan behar dugu.

Santa Grazitik lehen aipatu dugun errotondaraino itzuliko gara, eta ezkerretara hartuz Larrañerantz abiatuko gara. Bide ederra da, mendi artean, ezkerrean Larrañe erreka daramagula. Erreka honek bidegurutze inguruan bat egingo du Uhaitza ibaiarekin, Uhaitzandi ibaia sortzeko.

6 km aurrerago Logibarko aterpe-jatetxera helduko gara. Sarreran aparkaleku bat dute, baina nahi badugu 100 m. aurrerago badago beste bat (zubia pasatu eta ezkerretara), Holtzartera doan bidearen hasieran bertan. Holtzarteko haizpitarte izugarri hau goialdetik bisitatuko dugu, eta zeharkatu ere egingo dugu, abenturazko filmetan ikusten den bezalako zintzilikako zubi batetik.

Berriz ere errepidean, paraje basati eta bakartiak zeharkatuko ditugu, zuhaitzik gabeko mendiak, borda isolatuak eta autoek bakarrik apurtzen duten lasaitasuna.

Hasi eta handik 42. km-tara Larrañen sartuko gara, eliza eta pilotalekua kokatuta dauden erdigune txiki, berriztatu eta ederretik km bat harantzago. Ohar zaitezte herriaren ondoko mendiko harkaitzek nolako forma bitxi eta ikusgarriak sortzen dituzten.

IRATIKO OIHANEAN BARRENA Herritxoaren amaieran eskuinetara egingo dugu, Iratiko Txaletak jartzen duen norabidean. Hemendik aurrera beti zuzen jarraituko dugu, ondo seinalatutako errepide ederrean zehar.

Aurrera egin ahala eta gora egiten dugun neurrian, inguratzen gaituzten parajeek sekulako edertasunak erakutsiko dizkigute, lehenbizi landaretza ugaria eta geroago mendi soiletako panoramikak, zuhaixkak, larreak, ganadurako zelaiak, bordak... eta noski, Pirinioetako gailurrak gero eta hurbilago eta ikusgarriago.

Igoera aldapatsu hau Organbidexka Mendatean bukatuko da. Ikuspegi zoragarriak dituen mendi-lepo honetan hegazti migratzaileen igarotzea behatzeko zentro bat dago kokatua. Horrela, udazkenean uso, kurrilo edota bestelako txoriak pasatzen ikustea ikuskizun ahaztezina bihur daiteke.

Mendate hau, geroxeago ikusiko ditugun Iratiko Txaleten ataria da. Txalet horiek 1965ean eraiki ziren, mendiko etxola modernoen itxura emanez. 80ko hamarraldian sortu zen iraupen eskiko zentroak lagunduta, inguru honetako gune turistikorik garrantzitsuena bihurtu da, Iratin zehar txangoak egiteko abiapuntu eta atsedenleku. Bertan ezkerreko seinaleari jarraituz, beherantz jaisten hasiko gara. Bihurgune askotxo dituen bidearen alboetan berriz ere, Iratiko landaretzak laztanduko gaitu, errekatxo politak lagun ditugula.

Kilometro batzuk aurrerago berriro paisaia aldatu egingo zaigu. Orain arbola gutxiago ikusiko dugu, landare eta zuhaizka baxuagoak, mendi soilak... 62. km-an Iratiko Etxolara iristen garen arte. Bailaratxo polit eta lasaia da, inguruko erreka eta menditxoetatik paseoak egiteko aproposa. Bertaratzen direnen beharrak asetzeko pare bat ostatu daude.

Hemengo bidegurutzean eskuinetara hartuko dugu, Mendibe-Donibane Garazirako bideari jarraiki. Bidean landarez beteriko inguruak ia zuhaitzik ikusiko ez dugun soilguneekin tartekatzen dira, osotasun zoragarria sortuz. Bidegurutzetik 3 kilometrotara Burdinkurutzeta Gaina topatuko dugu. Bertatik ditugun panoramikek tartetxo batez gelditzea merezi dute, eta jaitsieran ikusiko ditugunek, hori baino gehiago. Edozein lekura begiratu eta sekulako paisaiak aurkituko ditugu.

Jaitsieraren hasieran, ezker aldean, antzinako Laurhibarreko Ospitalea izan zen haren gainean XVIII.ean Maltako Ordenak altxatutako San Salbador Kapera dugu. Errepara ezazue kanpoko hormen kontra dagoen gurutze-bide eta lauburuetan. 4 km. beranduago Altzako Mendatera helduko gara, eta zer esanik ez, hemendik ere bistak sekulakoak dira, jakina.

Azkenik, paregabeko ibilbide hau “sinpleago” bihurtzen hasiko da, eta lehenengo baserriak ikusten hasiko gara. Haltzatik 8 km-tara Mendiben sartuko gara, aspaldian ikusi dugun lehen herrian. Herrian bertan nabarmentzeko modukoa dugu bertako eliza, eliz atari erromaniko polit bat duela. Baina herri hau berezi bihurtzen duena zera da; agian Ipar Euskal Herriko trikuharririk handiosena dugula bertan: Marietxe edo Gasteiniakoa.

Bertara iristea erraza da, baldin eta hurrengo pausuak segitzen baditugu: etorri garen bidetik atzera eginez, “Mendibe” iragarkia baino 200 metro lehenago, lehen baserrietan, errepidearen ezkerraldean burdinazko gurutze bat ikusiko dugu, bidetxo bati hasiera ematen diona. Hortik sartu, pixka bat geroago zubi bat igaro, ezkerretara egin eta gero gora jo, bihurgune askotxo dituen bide estu eta aldapatsu batetik. Hori guztia kotxez egin daiteke. Bide horri ekin diogun puntutik 1,5 km-tara bidegurutze bat aurkituko dugu, eta ezkerretara baserri batzuk, baina guk beste 30 metrotan jarraituko dugu aurrera, bidea ixten digun langa bateraino. Hortxe aparkatu eta trikuharriraino oinez joango gara.

Langa zeharkatu eta 100 metrotara baserri bat aurkituko dugu, eta horren atzetik, egurra gordetzen duten lekutik, eskuineko aldetik gorantz bidezidor bat abiatzen dela ikusiko dugu. Horixe hartu, eta bost minututan trikuharriraino bertaraino eramango gaitu. Orduantxe konturatuko gara harritzar hauen edertasunaz, nahiz eta gaur egun “biltegi txiki” funtzioa duen, ate eta guzti.

Orrialde nagusiraZuberoako haizpitarteakNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403