Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraArabako MendebaldeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Arabako Mendebaldea Añana-Gesaltza-Valderejo(Parke Naturala)
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Argazkiak Argazkiak

Nola iritsi AÑANA-GESALTZA-VALDEREJO

IBILBIDE MOTZ HONEN HASIERA Aņana-Gesaltza herria izango da, erdigunearen ondo-ondoan ditugun gatzagek sortzen dioten itxura surrealistarekin. Uda aldean hurbiltzen bazarete, gainera, gatzaga ikusgarri hauetan nola diharduten lanean ikusiko duzue, hainbat mendetan zehar egin duten modu berean.

Mendebalderantz goazela, 5. kilometroan aurkituko dugun bidegurutzean Valderejoko Parke Naturalaren lehen kartela ikusiko dugu, eta horixe izango da eredua hemendik aurrera, errepide bakarti hauetan zehar bidea oso ondo seinalizaturik aurkituko baituzue.

Kartel horri jarraituz, segituan Getarian sartuko gara, Uribarri Gaubea udalerri zabaleko lehen auzo-herria. Monumentu erromanikotan aberatsa, gainera Erdi Aroko dorretxe ugari erakusten du, beren artean Luyando eta Hurtado Mendozakoa.

Lehenbiziko populagune hau zuzen zeharkatu ostean, lau kilometro ingururen bueltan, alde batean Angosto eta bestean Villaņanez guneak geratuko zaizkigu. Eskuinaldeko Angostoko Ama Birjinaren Santutegi edo Komentua XVI. mendeko erretaula erakusgai duen jainkotegi polita da. Villaņanez herritxoan bere aldetik, Baronatarren dorretxe ikusgarria nabarmentzen da. Gotorlekuak dorretxeaz gain, oraindik antzinako lubakia mantentzen du.

Ibilbidearen 13. kilometroan berriz, udalerri osoko erdigune funtzioa betetzen duen Uribarri Gaubea herria dugu.

1,5 km. geroago, dagoeneko Burgosen sartzear gaudela, Gurendes herrixkatik pasako gara, Omecillo ibaia menperatzen duen mendixkatxo batean.

Hortik aurrera gure bidea Gaztelako (Burgoseko) lurraldeetan jarraituko dugu, Valderejok erdi betetzen duen arabar mendebaldeko penintsula honetan sartzeko aukera bakarra horixe delako (Arabako barnealdetik abiatuz). Horretan ari garela, 16,5. kilometroan San Millan de San Zadornil herritxoan sartuko gara eta 100 metro igaro ondoren ezkerrera egingo dugu (Burgosen ere Valderejorako bidea oso ondo seinalizaturik dago).

Lehenengo hau zeharkatu ostean, hurrengo herritxoa San Zadornil izango da, bertan eskuinerantz jo beharrez. 2,5 km. beranduago, saindu berbera aipatzen duen hirugarren populagunea: Arroyo de San Zadornil.

Azkenik, 23,5. kilometroan berriz Araban sartzeaz batera Valderejo Parke Naturala hasten dela nabarituko dugu, landaretza gero eta ederragoa baita.

Laster, parkeko zerbitzugune den Lalastra herrixkara iritsi, eta naturgune izugarri honek eskaintzen dizkigun lekuetaz gozatzen hasteko moduan izango gara.

Zer ikusi

AÑANA-GESALTZA
GATZAGAK OINEZ

PURON IBAIA

Gesaltza Euskal Herrian aurki dezakegun paisaiarik sinestezin eta surrealistenetakoa da, gizakiak moldatutako paisaia gainera. Izan ere, Arabako mendebaldean dagoen herri hau bere gatzaga ospetsu eta fantasmagorikoengatik da ezaguna.

GATZAGAK

Historialarien iritziz hauek II. mendean jadanik lantzen ziren, eta 942. urterako beraiei buruzko agiri idatziak daude. Batzuek historiaurrean ere kokatzen dituzte.

Erdi Aroan gatzak izan zuen garrantzia zela-eta, gatzagak ustiatzearren monastegiak, jauntxoak eta baita errege-erreginak ere lehia bizian ibili ziren. Beste gatzagekin ere izan ziren eztabaidak, konpetentzi mugak zehazteko orduan. Horrela, Gesaltzako gatza Portugal eta Extremaduraraino iristen zen, eta ezin zen Nafarroan edo Aragoin sartu.

Gatza lurrunketaren bidez lortzen dute, Muera ibaiaren ur gazia mendiko maldetan kokatutako ehunka larrain edo terrazatan banatuz. 1908. urtean esaterako, 19 gizon eta 38 emakumek 1.500 tona gatz ekoiztera iritsi ziren. Gaur egun, ekoizpenak errentagarritasuna galdu duen arren, bitxikeri turistiko gero eta garrantzitsuagoa bihurtu da. Horrela, gatzagetako lana ikustea, paisai bakar honetan esperientzia ikusgarria izan daiteke. Udan gainera, eguzkiari esker, gatzaga zuri-urdinek dir-dir egiten dute, diamanteak bailiran.

VALDEREJO PARKE NATURALA

Ia osorik Burgosek inguratzen duelako-edo (bertan sartzeko ere Burgosetik egin behar da), Arabako mendebaldeko muturra Euskal Herriko txokorik ezezagunenetakoa izan da betidanik. Isolamendu horrek eta bertako biztanle bakanen (gaur egun 20tik behera) eta naturaren arteko elkarbizitza onuragarriari esker, gaur sekulako parajea biltzen duen parke natural honetaz gozatzeko aukera geratu zaigu.

PARKEAREN EZAUGARRIAK

Parkearen barruan lau herrixka geratzen dira baina bakarrik bi (Lalastra eta Lahoz) daude populatuak, bailara honetan emigrazioak eragin handia izan baitu. Negu gogorrei eta isolamenduari aurre egiten dieten biztanle hauek nekazaritzaz eta abeltzaintzaz arduratzen dira, eta beraien bizimoduan elkar laguntza eta auzolana ezinbestekoak dira. Giza presio txikiak karezko horma ikusgarriek inguratzen duten bailara erdi biribila hain ondo zaindua egotea azaltzen du. 1992an Parke Natural izendatua, bertako 3.500 hektarea aberatsetan zehar baso-mosaiko zabala aurkituko dugu, batez ere pinudi, pagadi, artadi eta ameztiak.

Baina agian interesgarriena, Vallegrull mendigunearen eta orokorrean haran osoaren ikustaldi ederrez gain (eta geroago datorren Puron ibaiaz gain), bertan bizi den fauna joria da: sai arre ugariak, basakatuak, basurdeak, azeriak, belatz handiak, arrano beltzak... noizbehinka agertzen den otsoa barne.

Argazkiak

Gatzaga hauek mendeetan zehar landu izan dira.

Euskal Herrian paraje bitxia dugu Gesaltzakoa.

Valderejoko Puron ibaiak urlaster atseginak sortzen ditu.

Vallegrullgo hormak goizean-goiz are ikusgarriagoak dira.


Natur Parkean abandonatutako herriak ere ikusgai ditugu.


Naturaren aberastasunak Valderejon gaudela adieraziko digu.

Ibaia haitzarte honetan barneratzen da.
Orrialde nagusiraArabako MendebaldeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403