Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraUrrobi Irati ibaiakNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Urrobi eta Irati ibaiak Donibane Garazi-Arnegi-Luzaide-Orreaga-Itoitz-Agoitz-Garralda

SANTIAGO BIDEA Oraingo honetan ere Nafarroa Behereko hiriburuan hasiko gara, Donibane Garazin. Hemen Iruñerako bidea hartuko dugu, Auritzeraino utziko ez duguna. Segituan Uharte-Garazitik pasatuko gara.

Hemendik aurrera, Nafarroa bien arteko mugaraino bailara polita zeharkatuko dugu. Muga hori 8. km-an aurkituko dugu, Arnegin. Arnegi, gaur egun Nafarroa Behereko herria, lehen Luzaideko auzoetako bat zen. Gaur egun muga-aldea bentaz beterik dago, eta zentroan, ezkerrera, eliza nabarmentzen da.

Muga igaro eta berehala, Ibañeta mendatea igotzen hasiko gara, eta 3 km aurrerago jada Luzaide (Valcarlos)-eko Elizaldean sartuko gara. Kondairaren arabera, 14 lapur atzerritarrek 14 etxe eraikiz sortu zuten herri hau. Bost auzo sakabanatutan antolatuta dago, bata bestearen atzetik: Pekotxeta, Elizaldea, Azoleta, Gaindola eta Gañekoleta. Berehala konturatuko gara (arkitekturan, euskaran), hemengo jendeak askoz kontaktu gehiago duela Nafarroa Beherearekin Garaiarekin baino. Eliza bera, Erromesen monumentua eta hilerriko hilarriak nabarmentzen dira.

Igotzen jarraituz, paisaia gero eta ederrago eta basatiagoa bihurtzen doa. Zuhaitz eta haitzez beteriko mendien arteko bailara estua, segada baterako egokia... Argi dago 778an lurralde inguru hau baskoien aldekoa zela. Elizaldetik 11,5 km-tara haran osoa ikusteko paregabeko begiratokia dugu. Beste lau kilometro egin eta Ibañeta mendatean izango gara. Ezkerrean, San Salbador baselizaren alboan, Errolanen monumentua eta aparkaleku-begiratoki handi bat ditugu.

Pagadi eder bat zeharkatuz, pare bat kilometro ondoren, Orreaga (Roncesvalles) mitikoan izango gara. Kolejiata hau, milaka erromesen atsedenleku izateaz gain, gertaera handi askoren lekuko ere izan da (Orreagari berari buruzko informazio zehatza datorren astean eskainiko dizuegu).

Auritzerako bide ederrean, bi zuhaitz-lerroren artean, segituan errepidearen ezkerraldean harrizko Erromes-Gurutze handi bat ikusiko dugu. 2,5 km-tara Auritz (Burguete) dugu, eta bere erditik zeharkatuko dugu, etxe zuri eta politek edertzen duten kale nagusitik. Herri hau, lehenago “Burgo de Roncesvalles” deitua, XVIII. mendean harresiz inguratua zegoen; kale nagusi hau erromatarren bide eta Done Jakue bide ere izan zen antzina.

Auritz utzi eta handik kilometro batera, bi bidegurutze (bata bestearen ostean) ikusiko ditugu, eta bigarrenean ezkerretara egingo dugu, Iruñerako bidea utziz eta Agoitzera zuzenduz.

URROBI IBARRA

Orain arte ibai honen inguruan ibili gara, baina hemendik aurrera haren alboan egingo dugu bidea, eta hainbat aldiz gainetik ere pasatuko dugu. Arboladi handia igaro ostean, bidegurutzetik 9,5 km-tara Arrietako Bentak izenekoaren lehenbiziko etxeetatik pasatuko gara.

Beste bost km egin eta Uritz zeharkatuko dugu. 20 biztanle besterik ez dituen herri nekazari hau haran honetan aurkituko ditugunen eredu izan daiteke, aurrekoa eta hurrengo Nagore herria ere izan daitezkeen bezala. Urrobiren inguru honetan garrantzitsuena paisaia da. Leku bereziki ikusgarri gutxi ikusiko dugu, baina osorik hartuta, oso ibilbide atsegina da.

Nagoretik 3 km-tara, hala ere, gure begirada harrapatuko duten bi aitzakia handi eta bitxi agertuko zaizkigu, bidearen ezkerraldean.

Berehala Itoitzeko Urtegiaren lanak ikusten (pairatzen) hasiko gara. Ibilbidearen 56,5. km-an Itoitz herrixka (geratzen dena) txiki baina ezin ospetsuagoa topatuko dugu. Espero dezagun denbora luzean bisitatu ahal izatea. Aurrerago eskuinetarantz hartuz, urtegia eta inguruko lanak “distira osoz” behatzeko aukera izango dugu. Tamalez, behatu bai, baina ikusten dugunaz gozatzeko arrazoi gutxi izango dugu.

Azkenik, Itoitzetik 4 km-tara, Agoitzera iritsiko gara, urtegiaren aldeko eta aurkakoen “kuartel nagusia” den leku horretara. Ikusi beharrekoetara bakarrik mugatuz, monumenturik nabarmenena San Migel Arkaingeruaren Eliza dugu, lehendik zegoen erromaniko baten gainean XV.ean hasia (lehengo hartatik dorrea mantentzen du), eta barruan erretaula ederra duena. Auzola edo Bidelepu Erdi Aroko Zubia ere azpimarratzeko modukoa da.

IRATI IBARRA

Azken bidegurutzera itzuli eta eskuinetara eginez, gure urtegi “maitatuak” ito nahi duen bailara eder hau zeharkatuko dugu. 4. km-an gure gainean begiratoki itzel baten itxura duen mendia dugu, eta handik pare bat kilometrotara, Usotzeko Presa.

Bertatik 500 metrotara, aparkatu eta Irati ibaiaren gaineko egurrezko zaldain edo zubitxo bat dugu, ur bizien gainean zintzilik dagoena, baina oraindik erabilgarri. Handik gutxira, eskuinetara, urperaturik geratuko den? beste herrixka bat daukagu, Artozki, bere etorkizuna noiz erabakiko den zain. Bide ikusgarri honen zatirik handiena haizpitarte baten artetik doa, ibaia gure eskuineko aldetik doala.

80. km-an, eta bertako zentral hidroelektrikoa pasatu ostean, Orotz-Beteluko udalerrian sartzen gara. Bertan zenbait trikuharri daude kokatuak. Laster paisaia aurre-pirinioarra berragertuko da, eta bidea, haritzez eta pagoez jantziko da. Tartean Olaldea iragango dugu.

Beste lau kilometro ibili eta ezkerretara egingo dugu, Auritz (Burguete)rantz. Ariztokia izeneko gain honetatik panoramika polita dugu.

Azkenik, ibilbidea pagadi eta harizti zabalen artean kokaturiko Garraldan amaituko dugu. Herri hau 1898ko sutearen ostean berreraiki zuten.

Orrialde nagusiraUrrobi Irati ibaiakNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403