Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraTrebiñoko konderriaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Trebiñoko konderria Gasteiz-Argantzun-Trebiño-Faidu-Laño-Arriluzea

GASTEIZ

Arabako eta, 1980az geroztik, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburu denak herrialde osoko populazioaren bi herenak biltzen ditu, baina beste hiriburu batzuk ez bezala, bere garapena eta handitzea planifikatua eta ordenatu izan da, eta horren ondorioz, berdegunez beteriko oso hiri atsegina eta bizi-kalitate altukoa dugu gaur egun. Bestalde, eta bitxikeria gisa, Arabako Lautadan kokatua egoteak Hego Euskal Herriko hiririk hotzena izatearen ospea ekarri dio, “Siberia-Gasteiz” ezizenak agerian jartzen duen moduan

HISTORIA APUR BAT

Arabako Lautada kontrolpean izateko, 1181ean Gasteizko herrixkak, Antso VI Jakituna Nafarroako Erregeak fundatua, Victoria izena hartu zuen. 1200ean Gaztelaren menpe geratu ondoren, merkataritza-gune bihurtu zen, artisauen eta juduen komunitatearen laguntzari esker oparotasun garaiari hasiera emanez. XIII. mende honetan Erdi Aroko hiria altxatuko zuten.

XIV.ean beherakada etorriko zen, Europako krisiaren eta noble landatarren eta hiriko biztanleen arteko liskarren ondorioz. Populazioa jaitsi eta nobleek gotorleku gisako jauregiak eraiki zituzten. XVIII. mendea arte Gasteizek ez zuen ordu arte bizi izandako oparotasuna berreskuratuko, eta bitartean merkataritzan jarraitu zuen.

Frantsesek 1803-1813 bitartean okupatu zuten, eta I. Karlistadan ere gauza bera jasan zuen. Azkenik, Bizkaia eta Gipuzkoaren kasuei jarraitu gabe, industrializazioa XX. mendeko bigarren erdialdetik aurrera garatu da bertan. Gaur egun, hiriburu izateak zerbitzu-gune garrantzitsu bihurtu du, tamaina txikiko industria ahaztu barik.

ANDRE MARI ZURIAREN INGURUAN

Ohi dugun moduan, Gasteiz barruko ibilbide hau ere hiriko arimatik hasiko dugu, biztanle guztien topaleku den Andre Mari Zuriaren Plazatik alegia. Hementxe biltzen dira “blusak” jaietan, Zeledon noiz jaitsiko den zain. Triangelu itxura duela, leihate zuri eta zabaleko etxe ederrek inguratzen dute plaza hau, San Migel eliza kokaturik dagoen izkina izan ezik. Erdian Gasteizko Bataila gogoratzen duen monumentu handiosa kokatua dago.

San Migel eliza XIV. mendekoa da, eta ataurreko bi arku handien artean Andre Mari Zuriaren irudia gordetzen da. Barruan erretaula azpimarratu behar dugu. Elizaren atzean XVI. mendeko Villa Suso jauregi gotiko-platereskoa dugu (gaur egun kultur gunea), eta pixka bat harantzago San Bizente eliza. Tenplua XV. mendekoa da, eta dorrea XIX.ekoa; barruan erretaula txurrigereskoa dugu.

Elizaren eskuineko San Bizente aldapatik beherantz jaitsiz, eta berriz ere eskuinetik plazara itzuliz, hiriko bitxikeria arkitektoniko baten albotik pasatuko gara: “Arkutxoak”. Hauek XVIII.-XIX. mende bitartean zehar altxatu ziren, mailakatutako eraikin batzuen bidez hiri zahar eta modernoaren arteko gainbeherari irtenbide bat eman nahirik. Begiratoki polita osatzen dute. Azkenik, Andre Mari Zuriaren ondoan, Espainiako Plaza itxi eta karratu bikaina dugu (220 x 220 oin). Arkupedun enparantza hau XVIII. mendearen bukaera aldekoa da, eta elementurik garrantzitsuena Udaletxe neoklasikoa du.

ERDI AROKO ALDE ZAHARRA

Azken plaza honen ekialdeko atetik irtetean, eskuineko aldean, 1922ko Postetxea ikusiko dugu, dorretxe zaharren antzekoa dena, baina gu, ezkerretarantz eginez, San Frantzisko aldapa igotzen hasiko gara, Gasteizko poteo-kalerik ezagunenean sartuz. Horrela, Aiztogile kalearen (euskaldun gehienek horrela idatzia ezagutzen dute) 22. zenbakian XV. mendeko Sokaren Etxea aurkituko dugu, erdi aroko behe-solairu, dorre gotiko eta izardun sabai eder batez hornitua.

Berrehun bat metrotara Bendaña Jauregi zurixka topatuko dugu, gotorleku kutsua ematen dion armarridun dorre zilindriko bat duela. Jauregi eder honek Euskal Herriko erakustokirik bitxi eta, ondorioz, interesgarrienetako bat gordetzen du: “Fournier” Karta Museoa. Museo honek Felix Alfaro Fournierrek 1916az geroztik bildu, mundu guztian zehar erosi eta hainbat pertsonek emandako karta-bilduma osatua du, munduko garrantzitsuena alegia, eta baita horrelako kartak egiteko osagaiak ere. Garai askotako eta mundu osoko kartak ditugu ikusgai, beste bitxikeria askoren artean. Zabalik: asteartetik ostiralera, 10-14 eta 16-18:30 ordu bitartean; larunbatean 10-14 eta igande-jaiegunetan 11-14 bitartean.

Kalea amaitzear dugula, Andre Mariaren Katedrala edo Katedral Zaharra ageri zaigu. XIV. mendekoa (XII.eko baten gainean egina dago baina dorrea XIX.ekoa da), hiriko parterik altuenean kokatua dago. Kanpotik gotorlekua dirudi, hiru ataldeak nabarmentzen direlarik, eta barruan gurutze latindarreko plantak hiru nabe ditu, eta koru plateresko ederra.

Jainkotegiaren iparraldean XV. mendeko Andatarren Dorretxea (sarbidea babesten zuena eta hiriko eraikinik zaharrena), metro batzuk aurrerago XV.-XVI.eko Portale ikusgarria (aroztegi eta postetxe izandakoa) eta eskuineko aldean XVI.eko Gobeotarren Jauretxea ditugu, guztiak ere Buruileria Plazaren inguruan. Gainera, Berpizkundeko azken eraikin honek bere baitan Arabako Arkeologi Museoa du, herrialde honetan topaturiko aztarnek osatua. Zabalik: asteartetik ostiralera, 10-14 eta 16-18:30 ordu bitartean; asteburu-jaietan goizez. Sarrera dohainik da, hiriko museo guztiak bezalaxe.

Frai Zacarias Martinez kaletik itzultzen ari garela, Eskoriatza-Eskibel jauregiaren aurrealde platereskotik igaroko gara (XVI.eko Berpizkunde estiloan egina), eta aurreraxeago, kalearen beste aldean, Montehermoso jauregiaren paretik. Metro batzuk aurrerago aldiz, gure eskuinean, harresietako hondakin batzuk ditugu.

Puntu honetan Bakardade kantoiko eskaileretatik San Pedro eliza ikusiko dugu. Gehientsuena XIV. mendekoa da, XIII.ean hasi ziren baina XIX. mendea arte ez zuten guztiz amaitu, lanak eta erreformak zirela medio. Hala ere, bertara zuzenean joan beharrean, lehenik harekiko paralelo doazen Korreria, Zapatari eta Herreria kaleetako etxe eta jauretxeetan zehar ibiltzea gomendatzen dugu, sigi-saga, alde zahar osoaren irudi egokia jasotzeko.

Dena dela, ezinbestean ikusi beharrekoa Doña Otxandaren dorretxea da, eta horretarako Korreria kalean barrena Harategi kantoiraino segitzea gomendatzen dugu, bertako eskaileretatik oso ikusgarri ikusten baita. XV. mendeko erdi aroko etxe baten hondarren artean 1970ean eraikia, Arabako Natura Zientzietako Museoaren egoitza da. Azkenik, kalearen amaieran, berriz ere Andre Mari Zuriaren plazan egongo gara.

HIRIGUNE MODERNOA

Alde Zaharra modernoarekin lotzen duten Andre Mari Zuria, Espainiako Plaza, Arkutxoak eta Postetxea bisitatu ostean, orain bete-betean sartuko gara zabalgune neoklasikoan. Espainiako Plazaren hegoaldeko irteeratik hasiko gara, bertan XX. mende hasieran etxeei txertatutako begiratoki zuri-ederra ikus dezakegulako. Leihate mota hau ohikoa da inguru honetan, eta eraikinak nabarmen edertzen ditu.

Ezkerrean Postetxea utziz, bere garaian polemika handia sortu zuen Foruen Plazara iritsiko gara. 1981ean Txillida eskultoreak eta Gantxegi arkitektoak egina, granitozko monumentu-multzo bat da, harmailak dituen plaza ikusgarri baten barnean. Hartu dugun kalearekiko paralelo doazen Alava Jenerala, San Prudentzio eta Florida kaleek ere badute zer ikusia, baina gu laugarrenetik itzuliko gara, hots, Manuel Iradier kaletik.

Foru kalearekiko kantoian Fournier Karta-Etxea edo lantegi zaharra dugu, eta San Antonio kalearekiko kantoian, berriz, Pando-Arguelles jauretxe izandako eraikin ikusgarria. San Antoniotik Loma jeneralaren plaza zeharkatuz (aurrean San Antonio eliza dugula) Andre Mari Zuriaren plazara itzul gaitezke.

FLORIDATIK ARMENTIARA

Hiri gutxik izango dute bizpahiru kilometroko pasealeku batean hainbeste interesgune eta berdegune, eta horrexegatik, autoa utzi eta Armentiara oinez joatea aholkatzen dizuegu.

Florida Parkearen alde batean Eusko Legebiltzarra dago, 1853koa, eta parkearen ondoan Katedral Berri neogotikoa, bost nabe, girola, eskultura eta hainbat beirategi ikusgarri dituela. Katedral aurreko Vicente Goikoetxea kaletik Arabako Foru Aldundiaren jauregira iritsiko gara, Probintzia Plazan kokatua. Florida 1820ko parke polit eta erromantikoa da. Bertako errekek, basotxoek eta 1890eko musika-kiosko zuriak (alboetan lau errege bisigodoen eskulturak ageri direla) hiriko lekurik erakargarrienetakoa bihurtzen dute. Parkearen ezkerraldetik Florida Ibilbidea abiatzen da, gero Senda, Frai Francisco Vitoria eta Cervantes izenak hartuko ditu ibilbide horrek, baina osotasunean hartuta, pasealeku bakarra, arbolatsua eta ederra dugu.

Senda zoragarri honetan lehenbizi Zulueta jauregitik (Antso Jakitunaren Fundazioa) eta lorategietatik pasatuko gara. Trenbide azpitik igaro ostean, jada Frai Francisco Vitoria ibilbidean, XX. mende hasierako jauregi ederrak bata bestearen atzetik agertuko zaizkigu: Zuloaga Etxea, Buruko Minen Etxea (begiratokiei eusten dieten irudietatik datorkio izena), Maria Enea (ingeles estilokoa), Sofia Enea ederra (alboan, arabiar estilokoa)...

Bi hauen parean, Arabako Armagintza Museoa topatuko dugu (historiaurretik XX.erainoko mundu osoko armak), eta horren alboan, Augusti gaztelu-jauregian, Arabako Arte Ederren Museoa (XIV.-XX. mende bitarteko margo eta eskultura interesgarriak ikusgai dituela, eta baita numismatika gela bat ere). Zabalik (biak): asteartetik ostiralera, 10-14 eta 16-18:30 ordu bitartean; larunbat eta jaiegunetan, berriz, 11etatik 14etara.

Armagintzakoaren alboan Ajuria Enea Lehendakariaren egoitza dugu, euskal estiloan altxatua. Aurrerago Pradoko Parke zabaletik, Famili Santuaren kapera bizantiarraren ondotik eta Mendizorrotzako kirol instalakuntzetatik igaro ostean, Garaipen Arku moduko baten azpian San Prudentzioren estatua ikusiko dugu, atzean santu honen omenezko basilika dugula.

Horrek guztiak Armentian sartzen ari garela adieraziko digu; gasteiztarrek, bertako zelai, sagardotegi eta inguruneez baliatuz, asteburuetan askotan bisitatzen duten herrixka. San Prudentzio Arabako zaindaria da, eta bere basilika, erromanikoaren perlatzat hartua dago. XII. mendekoa baina XVIII.ean eraberritua, azpimarratzekoak dira kanpoko zein barruko eskulturak, gurutzeria eta kapitel galantak, abside ikusgarria, XVIII. mendeko arkudun ataurrea eta bi tinpanoak.

Herrialdea
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
Araba
525 m.
216.929
%14
277 km2
783 bizt./km2
San Prudentzio (apirilak 28)
Blusen eguna (uztailak 25)
Andra Mari Zuria (abuztuak 5)

 

 

 

 

Orrialde nagusiraTrebiñoko konderriaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403