Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraNerbioi itsasadarraNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Nerbioi itsasadarra Bilbo-Trapagaran-Zierbena-Santurtzi-Portugalete-Getxo
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi MUSKIZ-ZIERBENA-SANTURTZI

Zugaztietatik 2,5 km-tara Triano auzoa pasatuko dugu, eta beti zuzen goazela (ez dago seinalerik baina zuzen joanez gero, ez dago galtzerik), kilometro batera hementxe bakarrik gerta daitekeen beste ezuste bat izango dugu: errepidearen bi norabideak banatzen dituen bide erdiko zuhaitz bat, benetan harrigarria. Aurreraxeago dagoen bidegurutzean eskuinerantz jaisten den bidea hartu. Kilometro pare batera (errepide zabalago bat hartu ondoren) Gallarta herri meatzariaren ondotik pasatuko gara.

Beste bi kilometro barru, aldiz, Urtuellan sartuko gara. Erdigunean txarto seinalatutako bidegurutze batean ezkerretara jo beharko dugu, Santanderrerantz. Beti zuzen goazela, tartean El Casal auzotik igaroko gara. Pixka bat aurrerago, berriz, errepidetik segitu beharrean, autobidea hartuko dugu, eskuinetara.

EZKERRALDEKO KOSTALDEA

Autobidetik bestelako paisaia bat ikusten hasiko gara: Petronor enpresaren findegiko biltegiak eta sua darien tximinia garaiak. Eskerrak laster findegiok “La Arena” zubi moderno eta ikusgarriaren gainetik ikusiko ditugun, horrek bestelako sentsazioak sortuko dizkigulako.

Autobidea Muskiz-La Arena irteeran utziko dugu, berehala eskuin aldetik Pobeñarantz joz. Norabide horretan, 200 metrotara beste errepide bat hartu beharko dugu. Segituan Pobeñako hondartzatxoa (izatez, Arena hondartzaren ezkerreko muturra) berezia bihurtzen duen zubi moderno urdina ikusteko aukera izango dugu. Harrituko gaituen zubiaren arrazoia zera da: Pobeña (Muskizeko auzoa) ondoan itsasoratzen den Barbadun itsasadarraren gainetik igaro beharra (itsasgoran zubiaren azpian ura besterik ez dago, ez itsasbeherako harea).

Muskizeko norabidean zuzen itzuliko gara, ezkerrean (ibai aldean) findegia dugula eta lehengo zubi “estratosferikoa”ren azpitik igaroz. Horrela, Petronor inguratu ondoren (beti ezkerrean dugula) Arena Hondartzaren aparkaleku nagusiraino hurbilduko gara. Arena hondartza eta auzoa zeharkatuz, 100 metrotara, ezkerreko aldetik, kilometro batzuk desbidera gaitezke (bidea moztu egiten da), eta hartara, itsasoaren gaineko begiratoki politak aurkituko ditugu tarteka.

Errepidera itzuli eta ezkerretara segituz, Zierbena-Santurtzi norabidean, Zierbenako erdigunera eta, beheraxeago, arrantza-portu txikira ailegatuko gara. Erdigunean utzi dugun Santurtzirako norabideari berriz ekinez (ezkerretara), itsaso zabalaren gainean goazela, bertako “superportua” ikusten hasiko gara. Errepidearen ondoan luzatzen den pasealekua hura ikusteko begiratoki aproposa bilakatuko zaigu.
Santurtzi herri “sardina saltzailea”ren erdigunean figura mitiko honi eskainitako monumentuaren ondotik sartuko gara, aipatutako pasealeku horretatik barrena. Hiriko monumentu interesgarriak bisitatu ostean, ez ahaztu arrantza-portutik paseotxo bati ekitea.

Zer ikusi

SANTURTZI

Nerbioi ibaiaren ezkerraldea handioski zaintzen duen Serantes mendiaren magalean, Santurtzi betidanik izan da itsasoari lotutako gunea, baina gaur egun, Abrako Golkoan duen kokapen estrategikoa aprobetxatuz, bertako superportua Europako nagusienen artean kokatu da.

Hala ere, merkatal portu horrengatik baino gehiago, askoz txikiagoa den eta tradizio askoz handiagoa duen arrantza-portuarengatik da ezaguna hiri hau, eta zer esanik ez, bertako sardina eta sardina saltzaileengatik. Hauek, arrantzaleen emazteak gehienetan, herriko arimaren zati handia osatzen zuten, eta bai eurak eta bai euren ahotan entzun zitekeen “Santurtzitik Bilbora” kanta ospetsuak ere betidanik Santurtziko promozio-kanpainarik onuragarriena suertatu dira. Santurtziko hiria, nolanahi ere, sardina saltzaileen inguruko folklorea (aspaldi amaitu zen Bilboraino oinez joatearena) baino askoz gehiago eskaintzen duen hiri bat da.

LABURPEN HISTORIKOA

Hiriaren lehen berria 1075ekoa da, Somorrostroko Sancti Georgi izeneko monasterioarekin loturikoa hain zuzen. Bertako izena ere hortik datorkio. Beraz, elizaren inguruan biltzen zen nekazari eta arrantzaleen herrixka bat dugu XI. mendean.

Hurrengo mendeetan, Sestao eta Trapaga Aranarekin batera, Somorrostroko Bailararen Hiru Kontseiluak izeneko errepublika moduko bat osatu zuen. Horrelaxe iraun zuen harik eta XIX. mendean sakonki aldatzen hasi zen arte, lehenbizi meategien ustiakuntza zela-eta, eta gero, XX. mendearen inguruan, Nerbioiren inguruko industrializazio itzelaren eraginez.

Bai prozesu batean eta bai bestean ere, Santurtzik kanpoko jende mordoa hartu behar izan zuen, eta erabat aldatu zen herriko arrantza-bizimodua. Era berean, mende honen hasieran Bilboko eta Madrilgo burgesiaren artean modan jarri zen Santurtzi, eta bertako itsas bainuak aprobetxatzearren etxe ederrak eraikitzen hasi ziren.

IKUSTEKOAK

Santurtziko bisitaldia erdigunetik hasi beharrean beste leku adierazgarri batetik has dezakegu, hots, Zierbenatik gatozela merkataritza-portu itzeleko jarduerak behatzeko begiratoki aparta den Iparragirre Etorbide edo Pasealekutik. Honen erdian, portuaren gainean bertan, Sardina Saltzailearen Pasealekua eta estatua ditugu, herriko pertsonaia garrantzitsu hura irudi iraunkor eta betiko bihurtuz.

Hori ikusi ostean, Julian Gayarre kaletik eskuinerantz jo dezakegu, zuzen-zuzenean Itsasoko Andre Mariaren elizara iritsiz. Mamariga auzo arrantzalean kokaturik, parrokia hau neogotikoa da, 1901. urtekoa. Hortik aurrera jada erdigunean sartzen joango gara, elizaren izen bereko kaleari jarraikiz. Handik gutxira, Maestro Calles eta Sabino Arana kaleen arteko kantoian Dorretxe Jauregia ageri zaigu. Lorategiz inguratutako jauregi eder honek, 1890ekoa baina XVIII.eko etxe nobleen moduan eraikia, gaur egun Udaletxeko hainbat bulego biltzen ditu, eta bere elementurik azpimarragarrienen artean izkinako armarria eta lorategietako bi lehoiak aipa ditzakegu.

Bere ondoan ia, Udaletxe ikusgarria altxatzen da. Estilo eklektikoan 1905ean egina, teilatuaren alboetan arbel beltzezko bi kupula bitxi erakusten ditu, eta barrualdean beirategi polikromatu ederrak ditu ikusgai: lehen solairuan mende hasierako Santurtzikoa, eta bigarren solairuan, Bizkaiko armarriarena. Udaletxearen aurrean Cristobal Murrieta santurtziar banka-gizonaren omenezko estatua ikus dezakegu.

Oso gertu berriz, herriari izena eman dion San Jorge Parrokia, kondairak dioenez, Ingalaterratik ihesi zetozen monje batzuek egina. Antzinako eliza aurre-erromaniko horren aztarnarik ez da geratzen, eta XII.aren bukaeran eraikitako eliza erromanikoaren aztarnarik garrantzitsuena Bilboko Museo Historiko-Etnografikoan gordetzen da, bere tinpanoa hain zuzen. Gaurko eraikina, 1844ko dorreak eta XIX.aren bukaeran berritutako tenpluak osatzen dute. Eliza atzean utziz, Udal Parke ederrera iritsiko gara, gordetzen dituen zuhaitz mordoa dela-eta Parke Historiko-Artistikoa izendatu dutena. Erdian 1917ko kiosko bitxia dugu.

Honenbestez, Santurtziko arima zaintzen duen Arrantza-Portura iritsi gara. Gaur egun funtzionatzen jarraitzen duen kai honetan txalupa koloretsuen atzean Karmengo Amaren estatua handiosa ikusiko dugu, portuaren eta bertako arrantzaleen zaindaria. Arrainaren salmentarako loja 1916an eraiki zuten.

Hemendik aurrera, portuaren ondotik, Portugaleterantz abiatu gaitezke oinez, ikusiko dugun moduan bata bestearen aldamenean daude-eta. Horrela, 1860an eginiko Nautika Eskolaren sarrera Santurtziri badagokio ere, eraikinaren gainerakoa Portugaleteko lurretan kokatua dago. Eta, bitxia bada ere, gauza bera gertatzen da eraikin bat baino gehiagorekin.

Herrialdea
Bilbora
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak

Bizkaia
15 km.
6 m.
49.419
%11
7 km2
7.040 bizt./km2
San Jorge (apirilak 23)
San Joan (ekainak 24)
Karmenak (uztailak 16)

 

 

 


Argazkiak

Santurtziar sardina saltzaileen omenezkoa


Pobeñako hondartza

Orrialde nagusiraNerbioi itsasadarraNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403