Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraNerbioi itsasadarraNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Nerbioi itsasadarra Bilbo-Trapagaran-Zierbena-Santurtzi-Portugalete-Getxo

EUSKAL HERRIKO HIRIBURU POSTINDUSTRIALA Nerbioi ibaiaren bi aldeak jorratzen dituen ibilbide honi hasierarik egokiena emateko leku bakar batetik has gaitezke, itsasadarrari esker izugarri hazi den Bilbo honetatik hain zuzen ere, Euskal Herriko populazio-gunerik handienetik alegia. Hori bai, Bilbo bere osotasunean (zati handi batean behintzat) ikusi nahi badugu, gure gomendioa “0. km”a Artxanda mendian kokatzea izango da, bertatik hiriko paisaia atsegina izango baituzue.

Hirirantz jaisten ari garela, berehala erdigunera abiatu beharrean, bizkaitarren eta bereziki bilbotarren artean hain maitatua den Begoñako Basilika ikusgarria bisita dezakegu.

Orain bai, Bizkaiko hiriburuan sartzeko moduan gaude; gainera, gaur egungo eta etorkizuneko Bilbo islatu nahi duen ikur garrantzitsuenaren ondotik (edo erditik) egingo dugu, Guggenheim Museo harrigarritik alegia. Horrez gain, turistikoki ospe handirik izan ez duen hiri honek gauza askotxo ditu erakusteko, orokorrean kanpoko jendeak uste duena baino askoz gehiago: Alde Zaharreko giroa, zabalguneko etxebizitza oparoak, museoak eta abar luzea.

Bilbo ongi bisitatu ostean, hiritik ateratzeko bide bat baino gehiago badago ere, guretzat egokiena Santanderrerako autopista izan liteke. Berau 9 bat kilometro geroago utziko dugu, Trapagaran Max Center Zentro Komertzialera joateko irteeratik.

EZKERRALDEKO MEATEGI-GUNEA

Hortik aurrera, Trapagaranerako norabidean jarraituko dugu, lehenbizi ezkerretara eta 200 metro geroago eskuinetara. Horrela, segituan herrian sartu, eta pixka bat geroago, Trapaga Arango erdigunera iritsiko gara. Triano mea-mendiaren magalean dagoen herri honen erdialdean Udaletxea, Parrokia (XV. m.) eta XVIII. mendeko Olaso Jauregia (XIX.ean berritua) aipa ditzakegu.

Herria zeharkatu eta ondorengo bidegurutzean ezkerretara joko dugu, La Arboleda jartzen duen norabidean. Goranzko bidea, 200 metrotara aurkituko duzuen funikularraren bidez egin dezakezue. Autoa erabiltzea aukeratu baduzue, bihurgune ugari eta itxiak dituen errepidea duzue zain. Hori bai, tarteka Nerbioi itsasadarraren inguruko paraje industriala behatzeko aukera izango duzue, eta arraroa badirudi ere, kanpotik begiratuta ondo ematen duela esan genezake (hurbiletik jada beste gauza bat da).

6,5 km. igo ondoren Larraineta auzora iritsiko gara, Trianoko sarrerara. Triano mendigunea Bizkaiko industrializazioaren garrantzizko faktorea izan genuen, bertatik lantegietan erabiltzen zuten burdina ateratzen zelako.

Aktibitate horren ondorioz, azala kendu dioten mendia dugu Triano, erraiak agerian utzi dizkioten mendi harrigarria, forma harrigarriz zipriztindutako paraje ilargitarra. Gizakiak suntsitu duena naturak berriz ere edertu egin dezakeela frogatzeko, beste kilometro bat egin eta errepidearen ezkerraldean dituzuen lakutxo harrigarriak behatu besterik ez duzue egin behar. Urak ederki betetako zulo horiek, bere garaian Europako burdin-meategirik aberatsenetakoak izan ziren. Mendiari bere altxorra atera ostean, naturak berak bere zauriak konpondu eta paisaia aluzinagarria sortzen jakin izan du.

Ondo-ondoan, Zugaztieta (La Arboleda) dugu, eta auzoaren hasieran, ezkerreko aldean, aurrekoen moduko beste uharka bat ikusiko dugu. Meatzarien artean herri historikoa izandakoa, eliza eta etxe ederren artean langile hauen bizimoduaren aztarna bat baino gehiago topatuko dugu (kantinak, kooperatibak...).

Zugaztietara iritsi bezain laster eskuinetara egingo dugu, Triano auzorantz, mapa askotan agertzen ez den eta seinalaturik ez dagoen errepidetxo batetik barrena; beraz, mea-mendi hori zeharkatzen duen bide honetan arretaz gidatu beharko duzue (gainera txarto asfaltatua dago). Bidearen lehen zatia Carmen Meategia zenaren ondotik doa, tarteka bere ustiapenak utzitako itxura bitxiak ikusiko dituzuelarik, animaliak aske bizi diren paraje batean.

Zugaztietatik 2,5 km-tara Triano auzoa pasatuko dugu, eta beti zuzen goazela (ez dago seinalerik baina zuzen joanez gero, ez dago galtzerik), kilometro batera hementxe bakarrik gerta daitekeen beste ezuste bat izango dugu: errepidearen bi norabideak banatzen dituen bide erdiko zuhaitz bat, benetan harrigarria. Aurreraxeago dagoen bidegurutzean eskuinerantz jaisten den bidea hartu. Kilometro pare batera (errepide zabalago bat hartu ondoren) Gallarta herri meatzariaren ondotik pasatuko gara.

Beste bi kilometro barru, aldiz, Urtuellan sartuko gara. Erdigunean txarto seinalatutako bidegurutze batean ezkerretara jo beharko dugu, Santanderrerantz. Beti zuzen goazela, tartean El Casal auzotik igaroko gara. Pixka bat aurrerago, berriz, errepidetik segitu beharrean, autobidea hartuko dugu, eskuinetara.

EZKERRALDEKO KOSTALDEA

Autobidetik bestelako paisaia bat ikusten hasiko gara: Petronor enpresaren findegiko biltegiak eta sua darien tximinia garaiak. Eskerrak laster findegiok “La Arena” zubi moderno eta ikusgarriaren gainetik ikusiko ditugun, horrek bestelako sentsazioak sortuko dizkigulako.

Autobidea Muskiz-La Arena irteeran utziko dugu, berehala eskuin aldetik Pobeñarantz joz. Norabide horretan, 200 metrotara beste errepide bat hartu beharko dugu. Segituan Pobeñako hondartzatxoa (izatez, Arena hondartzaren ezkerreko muturra) berezia bihurtzen duen zubi moderno urdina ikusteko aukera izango dugu. Harrituko gaituen zubiaren arrazoia zera da: Pobeña (Muskizeko auzoa) ondoan itsasoratzen den Barbadun itsasadarraren gainetik igaro beharra (itsasgoran zubiaren azpian ura besterik ez dago, ez itsasbeherako harea).

Muskizeko norabidean zuzen itzuliko gara, ezkerrean (ibai aldean) findegia dugula eta lehengo zubi “estratosferikoa”ren azpitik igaroz. Horrela, Petronor inguratu ondoren (beti ezkerrean dugula) Arena Hondartzaren aparkaleku nagusiraino hurbilduko gara. Arena hondartza eta auzoa zeharkatuz, 100 metrotara, ezkerreko aldetik, kilometro batzuk desbidera gaitezke (bidea moztu egiten da), eta hartara, itsasoaren gaineko begiratoki politak aurkituko ditugu tarteka.

Errepidera itzuli eta ezkerretara segituz, Zierbena-Santurtzi norabidean, Zierbenako erdigunera eta, beheraxeago, arrantza-portu txikira ailegatuko gara. Erdigunean utzi dugun Santurtzirako norabideari berriz ekinez (ezkerretara), itsaso zabalaren gainean goazela, bertako “superportua” ikusten hasiko gara. Errepidearen ondoan luzatzen den pasealekua hura ikusteko begiratoki aproposa bilakatuko zaigu.
Santurtzi herri “sardina saltzailea”ren erdigunean figura mitiko honi eskainitako monumentuaren ondotik sartuko gara, aipatutako pasealeku horretatik barrena. Hiriko monumentu interesgarriak bisitatu ostean, ez ahaztu arrantza-portutik paseotxo bati ekitea.

Portugaletek Santurtzirekin batera hiri bakarra osatzen duela esan genezake, batetik bestera igarotzeko batzuetan kalea zeharkatu besterik egin behar ez delako (edo muturreko adibide bat jarriz, eraikin baten barruan gela batetik bestera pasatu).

NERBIOREN ESKUINALDEKO URBAZTERRAREN DOTORETASUNA

Portugalete eta Algorta arteko Zintzilikako Zubiak, oso giro ezberdina bizi izan duen (eta egun ere duen) eskuinalde dotore eta aberatsagoan utziko gaitu, Getxoko udalerria kokatuta dagoen eskuinaldean hain zuzen. Bizi-maila inbidiagarria duen hiri hau ondo banatutako auzuneetan banatua dago, bakoitzak bere pertsonalitate propioa duela.

Areetan, berehala ezkerrerantz joko dugu, erdigunerantz, Neguriko aberatsen etxe-jauregi zoragarriak ikusten hasten garen lekuan ezkerrerantz hartuko badugu ere, Ereaga Hondartzan sartzeko asmoz. Hondartzaren erdian Algortarako bidetik aurrera segi dezakegu, eskuinetik gorantz, errepidean berriz ezkerrerantz jarraituz. Erdigunea Plentziarako norabidean zeharkatuko dugu. Hori bai, erdialdearen bukaeran dagoen bidegurutzean ezker aldetik gorantz joko dugu, seinalaturik ez badago ere.

Bide horretan, segituan Nerbioi ibaia itsasoratzen den Abraren eskuinaldeko Galea Lurmutur ederrean barneratuko gara. Errepidea labarren gainetik badoa ere, paraleloki, gomendagarriena ibilbide hau oinez egitea da, Aixerrotan hasi eta muturreko itsasargiraino. Dena den, kotxez eginez gero ere, beti geratuko zaigu Aizkorri Kala-Hondartza zoragarriaren inguruan prestatutako (prestatugabeei segituz agian hobeto) ibilera ederraz gozatzeko aukera. Itsasargitik kilometro batera dagoen aparkalekura iritsi eta ibiltzen hasi... ez duzue damurik izango.

Orrialde nagusiraNerbioi itsasadarraNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403